Madril, Espainia. Heldua zela euskara berenagatu eta egun espainiar hiriburuko euskal irakasle, itzultzaile, poeta eta lekukotasun-emaile aktiboa da Karlos Cid Abasolo (Madril, 1963). Filologian doktorea, Unibertsitate Konplutenseko Estudios Vascos saileko arduraduna da eta besteak beste, zenbait txekiar egileren (Milan Kundera, Jaroslav Hašek, Josef Škvorecký...) lanak euskaratu ditu. Poeta gisa, 2018an Keinu konplizeak poema-liburua argitaratu ostean, Laztanak eta Aizkorak besapean etorri zitzaigun 2020ko abenduan.
Cid Abasolok berak azaldu dio EuskalKultura.eus-i 'Laztanak eta aizkorak' poema liburuak --tituluak berak pentsaraz dezakeen bezala-- bi atal dauzkala eta gizakiaren bi alde kontrajarri lantzen dituela: maitasuna eta errefusa. Lehenengoan, egilea, berak edo besteren batek bizi izandako une hunkigarrien kontatzaile da, protagonista den jende maitagarria edota sufritua omenduz. Bigarrenean, une mingarriak gogoan, doinu poetikoa zorrotz eta gupidagabe agertzen da.
Poesia irakurtzeko ohitura dutenak eta ez dutenak irudikatu ditu egileak irakurle. "Izan ere", diosku, "poesia generoan kokatu behar bada, badu asko prosatik, gutun-generotik, e-mailetik eta abarretatik". Xabier Amuriza bertsolari eta idazleari zor zaio hitzaurrea, eta gibel solasa Xabier Goi-ri.
Hemendik deskarga daiteke. Esteka berean entzun daitezke poema guztiak, hiru Manex Leonék errezitatuak, eta gainerakoak Karlos Cid Abasolo berak.