euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irakurri hemen Madrilgo Euskal Etxearen Poesia Lehiaketako lan irabazleak: Sol Cicerok Buenos Airesen jaso du bere saria

2024/07/17

Kinku Zinkunegik eskuratu zion Buenos Airesen Sol Cicero-ri Madrilgo Euskal Etxearen XII. Poesia Lehiaketan lortutatuko saria
Kinku Zinkunegik eskuratu zion Buenos Airesen Sol Cicero-ri Madrilgo Euskal Etxearen XII. Poesia Lehiaketan lortutatuko saria

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Jauzi geografiko polita eman du 2024ko edizioan Madrilgo Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Poesia Lehiaketak, itsasoaren alde honetatik bidalitako lan bat geratu baita lehenengoz irabazleen artean. Olerkiaren egilea Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiko eta Euskara Munduan programako ikasle den Sol Cicero da. Solek ez zuen Madrilera sari banaketara joateko aukerarik izan ekainaren 21ean, baina saria joan den larunbatean, uztailaren 13an, eman zaio eskuz esku Buenos Airesen.

Euskara Munduan programako arduradun Kinku Zinkunegik eman zion saria irabazleari Buenos Airesen egun hauetan egiten ari den ekimen horren Neguko Barnetegiaren lehenengo egunean, Laurak Bat Euskal Etxearen egoitzan. Hurrenez hurren FEVAko lehendakari eta lehendakariorde diren Asier Iriberri eta Arantxa Anitua izan ziren momentu goxo eta berezi horretako partaide eta lekuko,

TESTU IRABAZLEAK

Gogora dezagun Lehiaketak bi kategoria izan zituela, eta bakoitzean lehenengo eta bigarren sari bana banatu zirela. Irabazleak izan ziren: Ixiar Eratsun Urtzelaieta (lehenengo saria kategoria orokorrean), Maria Sol Cicero Moroni (bigarrena kategoria orokorrean), Maria Izaga  Aguirre (lehenengo saria Madrilgo Euskal Etxeko partaideen artean) eta Vicente Valle Tejada (bigarren saria Madrilgoen artean). Hauek dira saritutako lanak:

KATEGORIA OROKORRA

Lehenengo saria: “Konstelazio ibiltaria”
Egilea: ​Ixiar Eratsun Urtzelaieta

Haize hegoa, gau epela, ilargiaren argi…

Hondarra epel, bizkarra goxo
Perseiden zain, izarloken zain,
desioak prest.
desioan pensatu eta zirrara bat sentitu dut gorputzean.
Inguruan inor ere ez,
itsasoa baino ez bidelagun.
Kresala eta nire biluztasuna.
Olatuen joan-etorrien xuxurla.
Poliki-poliki bi eskuak nire gorputzaren mapa miatzen hasi dira,
kartografia intimoa.
Arnasa bizkortu zait.

Ezker eskuaz, nire mendiak arakatu ditut,
gogortuta daude ilargiari begira. Tente.
Eskuin eskuaz, kobazuloa esploratzeari ekin diot.
Kobazuloak beti tenperatura berean egoten omen dira.
Uda zein negu.
Nirea beti epel.
Epel eta orain umel.
Labainkor dago atzamarrei ongi etorria emanez.
Astiro, barrura sartu eta eragin.
Presarik ez.
Inguruak ezagutu, barrunbeak, leku ezkutuak.
Ikusi ez arren, sentitu. Laztandu, maitatu.
Konturatzerako, arnasestuka nago berriz.
Azala urtu, desagertu.
Ez dago mugarik, ez ertzik.
Itsasoa naiz.
nire barruan sentitzen dut, badator itsasgora.
Behin eta berriz. gora eta gora.
Plazeraren olatuen eztanda nire erraien kontra.
Aspaldiko amaraunak eraisten.
Behin eta berriz, gero eta bortitzago.
Eragin, jarraitu. Ekaitza nire barruan.
Elektrizitatea naiz.
Barne dirdira indartsua.
Badator, badator… itsas-ikara, gainezka.

Ilargi berotan Perseiden zain.
baina izar iheskorrek alde egin dute jada.
Ortzira begiratu,
ilargia ez dago betea,
ni bai ordea.
Nire baitan bildu baititut
Perseidak eta Casiopea.
Oharkabean,
zoru labainkorreko kobazuloan irrist eginez sartu
eta barrunbeetan dir-dir egiten dute.
Barrura egin didate ihes.
Izan ere, ni naiz neure gaueko izarra.

Gorputzaren epeltasunak
gurpildun aulkiaren hoztasunarekin topo,
hotzikara.
Egurrezko arrapalan gora, bagoaz etxe aldera.
Gaur, konstelazio ibiltaria.

 

Bigarren saria: “Bi ezezagun”
Egilea: María Sol Cicero Moroni

Han zegoen itsasoari begira,
taupaka hasi zen nire bihotza ikusi nuenean.
ederra iruditzen zitzaidan, zergatik ez jakinagatik.
Bat-batean inor ez zegoen han.
Nire buruan galdera asko...
“Nor zen?” “Nora joan da?” “Non dago?”
erantzunik gabeko galdera asko.
Berriro ikusi behar nuen, nahi nuen,
baina non aurkitu ahal nuen?
Harearen gainean eseri nintzen,
haizeak nire azala laztantzen zuen...
Pentsatu bitartean norbait sentitu nuen bizkarrean
Bihotza bizi, ahoa lehor geratu nintzen,
banekielako zer ari zen gertatzen.
Nire atzean zegoen,
eta nire gorputzak sentitu zuen.
Bi ezezagun ginen,
baina ordudanik “laztana” deitzen hasi ginen.


MADRILGO EUSKAL ETXEKO LANAK

Lehenengo saria: "Teoria poetikoa”
​Egilea: Maria Izaga Aguirre

Poema bat idazteko eskatu zidaten,
Eta liburuetan tresnak begiratzen hasi nintzen.

Lehenik, anaforak aztertu nituen
asiera errepikatzen da horietan,
hasiera bukaerararte luzatuz.
Kontrakoa epiforak omen ziren,
bertan amaiera errepikatzen zen,
probatzen hasita, errazena zen.
Sinestesia ere bazegoen,
eta zentzumenak nahastuz
estrofak dastatzen hasi nintzen.
Aliterazioak ere agurtu ninduen
xuabe xuxurlatuz bere xarma xelebrea.
Konplikatzen saiatu nintzen
eta hor agertu zen errima,
hori da poemaren gasolina,
bertsolariaren intsulina,
eta olerkietan ikusezina.
Amaitzeko, metafora ezagutu nuen,
Ta begiak poesiaz urpetu zitzaizkidan.

Poema bat idazteko eskatu zidaten,
Eta liburuetako tresna artean galdu nintzen.


Bigarren saria: “Euskara”
Egilea: Vicente Valle Tejada

Hitzek ihes egin
dute hiztegitik.
Euskaltegiaren gainetik
hegan egiten duten
bitartean, haietan
dut pentsatzen,
baina nire ahoak
ez ditu esaten.

Niri musikarekin zatoz,
nire gogoan abesten duzu:
“ez nekeak
ez da bide txarrak,
gora gora neska-mutilak.
Hemen mendi tontorrean,
euskal lurren artean” nabilen bitartean.

Bizipozak, beraz,
ezin ditut kontatu,
pena bat da,
oso interesgarriak dira eta.

Gure maitasuna
posible izango da,
egunen batean
nire ahora etorriko zara
“begiak zabaldurik
biotza erretan”
ta betiko elkarrekin
gongo gara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia