euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irakurle eta mintza taldeak eta podcastak: euskaraz gozatzeko Madrilgo Euskal Etxearen proposamen berriak

2023/02/09

Madrilen euskara praktikatzeko proposamen erakargarriak: irakurle eta mintza taldeak, eta podcastak
Madrilen euskara praktikatzeko proposamen erakargarriak: irakurle eta mintza taldeak, eta podcastak

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Euskaraz ikasi, praktikatu edota gozatzeko proposamen berriak datozkigu otsailean Madrilgo Euskal Etxeko Euskaltegitik, hala nola maila desberdinetako mintza-praktika topaketak gauzatzea eta euskarazko irakurle-talde bat sortzea. Jarduerak irekiak dira, Euskal Etxeko bazkideentzat ez ezik, parte hartu nahi duten guztientzat daude zabalik. Euskara ikasten ari bazara, edota besterik gabe hizkuntza praktikatu nahi baduzu eta ez baduzu norekin, edota irakurtzea gustatzen bazaizu eta euskal literatura hobeto ezagutzea interesatzen bazaizu, ez zazula aukera paregabe hau pasatzen utzi!

Euskara praktikatzeko mintza-taldeen topaketak hilean behin egingo dira, mailaka antolatuta. Aste honetakoa hilaren 9rako (osteguna) deitu zen, 18:00etatik 19:00etara, A1/A2 mailakoentzat. Datorren asteko asteazkenean, otsailaren 15ean, 10:00etatik 11:00etara, B1/B2/C1 maila dutenak elkartuko dira. Eta otsailaren 22an, asteazkena, 16:00etatik 17:00etara, B1/B2/C1 mailako beste talde bat. Topaketa bakoitzak dinamizatzaile bat izango du, kasu honetan Euskaltegiko irakasle Estebe Ormazabal izango da. Galderarik izan ezkero, kontaktatu berarekin estebe.mee@gmail.com helbidean.

Podcast lehiaketa

Bestalde, euskal etxeko irakurle-talde bat osatzea proposatu da. Horretarako lehenengo bilera baterako deia egin dute: otsailaren 17an (osteguna) egingo dute, 18:00etatik 19:00etara, Euskal Etxeko liburutegian. Aurreneko topaketa honetan, denen artean erabakiko dute zerekin abiatu eta hasieran zer irakurri. Irakurzaleei zuzenduta dagoen gonbite honetan, aholkuak jaso eta eman ahal izango dira, irakurritakoa partekatu, helburua euskal literatura hobeki ezagutu eta gozatzea baita, eta hala dagokionean hiztegia aberastea. Asmoa hilean behin biltzea da, irakurtzea konpromiso.

Madrilgo Euskal Etxeko Euskaltegiak maila desberdinetako 120 bat lagun bildu ditu aurten euskara ikasle, eta 3 irakasle. Eskolez gain, datozen hilabeteetarako, aditzera ematen dute, urtero bezala, poesia-lehiaketa bat antolatuko dutela. Eta berritasun gisa, egungo garaiekin bat datorren lehiaketa, podcast lehiaketa bat euskaraz. Beraz, adi egon eta ideiak astintzen hasi, parte hartzaile nahi baitzaitugu!

Madrilgo Euskal Etxea
Jovellanos, 3 - 28014 Madril
Webgunea: www.euskaletxea-madrid.com
Facebook: www.facebook.com/madrilgoeuskaletxea
Twitter: https://twitter.com/euskaletxeamadr
Instagram: www.instagram.com/euskaletxea_madrid
Tfnoak: 915 314 593 - 628 675 072
Emaila: adm@eetxea.e.telefonica.net



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia