Urtarrilaren hondarrean Bulgarian izan da Bernardo Atxaga idazlea, herrialde honetan "Obabakoak" eleberriaren bulgarierazko itzulpena aurkezteko. Etxepare Institutuak eta Cervantes Institutuak gonbidatuta, eleberriari buruzko solasaldia eskaini zuen Atxagak Sofia hiriburuko liburutegi batean eta ehun lagundik gora bildu ziren hara, idazlearen berbak entzuteko irrikaz.
Sofia, Bulgaria. Jakinmin handia piztu zuen Sofian Bernardo Atxagaren "Obabakoak" liburuaren argitalpenak, eta lagun asko bildu ziren idazleak hiriko liburudenda batean eman zuen hitzaldi-aurkezpenera, Etxepare Institutuak aditzera eman duenez. Urtarrilaren 29an egin zen ekitaldia, Greenwich liburudendan, eta ehun lagundik gora bildu ziren bertara, euskal idazle ezagunaren hitzak entzuteko gogotsu.
Hitzaldian Atxagarekin batera izan ziren Maria Pachkova itzultzailea eta editorea. "Obabakoak" ez da Pachkovak bulgarierara itzultzen duen Atxagaren aurreneko lana; izan ere, 2009an "Soinujolearen Semea" eleberria itzuli zuen. Bulgariako Instituto Cervantes-ek eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu zuten aurkezpena.
Obabakoak euskal literaturako obrarik ezagunenetakoa da eta 25 hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan da dagoeneko.