euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irakasle eta ikasle talde batek Euskaljakintza bloga sortu du, munduko edozeinek euskara ariketak praktika ditzan

2008/04/10

Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleak
Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleak

PUBLIZITATEA

Nola idazten da behatoki ala beatoki? Agitz ala hagitz? Urrun ala hurrun? Hauek eta beste adibide ugari ipini dituzte Euskaljakintza blogean Ordiziako Jakintza ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek eta Maite Goñi euskara irakasleak. Interesa dutenek gaia lantzeko eta orokorrean euskararen azken nondik-norakoak jakiteko hainbat artikulu eta baliabide topatuko dituzte. Era berean, euskarazko baliabideak (hiztegiak, EGA ariketak eta azterketak), hautaprobak, hizkuntzarekin lotutako jokoak, azken argitalpenei hainbat komunikabidetan egindako kritikak, euskal idazleei buruzko informazioa eta ikasleen idazlanak eta kritikak daude eskuragarri.
Euskaljakintza blogak euskara praktikatzeko ariketa ugari eskaintzen ditu. Hiru taldetan banatzen dira probak: ortografia ariketak, morfosintaxiarekin lotutakoak eta euskara batuari buruzko buruhausteak. Lehen taldean Ordiziako Jakintza ikastolako DBHko 25 ikasleri zuzendutako ariketa pertsonalak aurki daitezke 'bakoitzari berea' izenarekin, edozein erabiltzailek proba ditzakeenak.

Molde ezberdineko ariketak daude: galderak, bi erantzunen artean ondo idatzita dagoena aukeratzekoak, edo lau adibideren artean bakarra aukeratzekoak. Gainera, emaitzak eta portzentaiak ikusteko aukera dago. Ortografia, euskal alfabetoa, zenbakiak, ordinalen eta banatzaileen idazkera, 'nahi' partikula edota hitz elkartuekin praktikatzeko probak ere eskaintzen ditu blogak ortografiako zati horretan.

'Pasaia Blues' diktaketan

Lehen multzo horretan aipatu beharreko beste ariketa interesgarria diktaketa deritzon proba da. Harkaitz Cano idazlearen 'Pasaia Blues' eleberriaren atal baten irakurketa entzun daiteke blogean erabiltzaileak entzun eta paper batean idazteko. Morfosintaxiarekin lotutako ariketei dagokienez, orduak, datak, aditzoina, zenbakien deklinabideak eta partitiboa bezalako ariketekin praktikatzeko aukera dago Euskaljakintza blogean. Kasu honetan ere erabiltzaileek ariketa-eredu ezberdinak burutu beharko dituzte euren maila erakutsiz eta aztertuz.

Euskararen ortografia arauak praktikatzeko blogaren hirugarren eta azkeneko zatiak hiztegi batuari buruzko ariketak eskaintzen ditu. Espainiako elkarte autonomoak, munduko estatu-izenak edota munduko estatuetako hizkuntza ofizialak euskaraz nola idazten diren ikusi eta praktikatzeko ariketak daude.


Lotura interesgarriak

Euskaljakintzaren bloga
Euskal ariketak

Hitz-mitz, euskararen praktika uztartzen duen mugikorretarako jokua
2008ko otsailaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia