Bordele, Frantzia. Udako etenaren ondoren, Bordaleko Euskal Etxeak ikasturte berriari ekin dio, bazkideak eta baita euskal kultura ezagutzeko interesa duen oro ere gogoan. Urtero bezala, kultur ekimen ugari eskainiko dituzte, tartean euskara, dantza, genealogia eta teatroa. Aste honetan hasiko dituzte euskara klaseak, Uxue Montoya Iridoy hondarribiarra irakasle berri. "Euskara ezagutu edo maila hobetu nahi duenarentzat leku bat dugu Euskal Etxean", esan digute. Kontsultak egiteko edo izena emateko, Patrick Urrutyrekin behar da kontaktatu: emailez, patrick.urruty@maisonbasque.org helbidean, edo telefonoz +33 (0)685 553 737 zenbakira deituz.
Bueltan dira baita ere 2022an arrakasta handiz hasi ziren genealogia tailerrak. Topaketa hilean behin egiten da, Marie Eppherre-Provensal-en eskutik, aurten ostegunez. Bertan parte hartzaile bakoitza bere zuhaitz genealogikoa abiatzen edo osatzen saiatzen da, norberak bere famili-historia hobeto ezagutzearren. Dantza tailerrak, aurten mutxiko eta fandango tailerrak, hilean bitan izango dira, astelehen edo asteartetan, arratsaldez. Eta eskarmentu handiko txirrindularientzako tailerrak hilean bi astelehenetan egingo dira.
Aurtengo nobedadea antzerki sail baten sorrera da. Euskal kultura eta bere testuinguru historikoa kontatu eta sustatuko duen pieza bat osatzea jarri dute helburu
Musika eta kantua ere, gastronomiarekin batera, Bordaleko Euskal Etxeak lantzen dituen jarduera kuttunak dira. Eta, aurtengo nobedadea, antzerkia da, Euskal Etxearen baitan sortuko den antzerki sail bat, helduei irekia, adina edozein dela eta José Manuel Rodríguez Sterling zuzendari, lehenengo Calin (Kolonbia) eta gero Argentinan, Mexikon eta Parisen trebatutako antzerkilaria. Klaseak astelehenetan izango dira, irailetik 2024ko ekainera. Interpretazioa, inprobisazioa eta jolas eszenikoak landuko dituzte. Antzerkiaren mundurako lehenengo hurrerapena egin ondoren, euskal kultura eta honen testuinguru historikoa kontatu eta sustatuko duen pieza baten sorkuntzan murgilduko dira. Kontsultak egiteko jarri harremanetan antzerki saileko arduraduna den Valérie Méléard-ekin: telefonoz +33 (0)608 402 358 zenbakian eta emailez vameleard@gmail.com helbidean.