euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irailaren 8a, Euskal Diasporaren Eguna da: Zatoz eta ospatu Donostian EuskalKultura.com-ek antolatu duen ekitaldi eta bazkarian

2018/08/30

PUBLIZITATEA

Lau egun baino ez dira geratzen datorren astelehenean, irailaren 3an, EuskalKultura.com-ek bere buletinaren ikasturte berriari ekiteko. Baina apur bat aurreratu nahi izan dugu iragarrita genizuen Euskal Diasporaren Eguna dela eta antolatu dugun ospakizunaren berri emateko. Diasporako kide eta diskideok helburu xinple batekin bilduko gara: elkar ezaguteko eta egun goxo bat pasatzeko Diasporaren inguruan. Donostian edo Euskal Herrian bazabiltza, zatoz gurekin partekatzera Euskal Diasporaren Eguna.

Donostia-San Sebastian. Irailaren 8an, eguerdian hasiko gara biltzen, Heredad de Unanue hotelean, Donostiako Añorga auzoan, berdez eta naturaz inguratuta, Unanue-Zar baserri eta eraikin historikoan. Irailean bertan hotel gisa zabalduko bada ere, ekitaldi hau izango du estreineko ekitaldi publikoa. Izan ere, Diasporari lotutako ekimena da hotela eta Euskal Diasporaren Eguna izango du bertan baitaratuko duen lehenengo ekitaldia.

Egitaraua xinplea da. Eguerdian (12:00etan) jendea elkartzen hasiko da eta zintzurra busti edo aperitibo bat hartzen duten bitartean, elkartzen direnek aukera izango dute elkarrekin hitz egin eta elkar ezagutzeko. Hori errazteko, bakoitzari kolkoan jartzeko etiketa bat emango zaio, bertan bere izena eta nondik datorren adierazita, alegia "Amaia Garmendia, San Frantzisko, AEB" edo "Martin Goenaga, Buenos Aires, Argentina".

Egunari buruzko hitz batzuk esango dira, eta ekitaldian zehar Diasporako kantuak eta musika ere entzungo da. Kantarien artean Argentinako Arrecifesko Maral taldeko Mariana Dominé Irigoyen-en partaidetza aipa dezakegu; eta baita ere, ekitaldiak Euskal Herriaren eta bere Diasporaren arteko zubilana egitea asmo duenez, bertatik, Gorka Zabaleta kantari oiartzuarrarena, biak Diasporako kantu batzuk eskainiz.

Euskaldunekin ezin bestela izan, ondoren ahaidetasun bazkaria, Sharma catering enpresakoek zerbitzatua.

Bazkaldu bitartean eta bazkalostean solas batzuk, opariak eta zozketak egingo dira, gehienak Diasporatik ekarriak.

Parte hartzaileen talde-argazki bat ere egingo da. Ekitaldi hau urtero antolatzeko asmoa dago.

Bazkariak 30 euroko prezioa izango du, haurrek prezio murriztua. Bazkaltzeko leku mugatuak daude. Izena aldez aurretik eman beharra dago eta izen-emate ordenaren arabera banatuko dira txartelak, agortu arte. Hau da ekitaldi honen lehenengo edizioa, beraz lagundu mesedez antolatzaileei zure erreserba lehenbailehen eginez.

Mila esker aldez aurretik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia