euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irailaren 29 Mikel Deunaren Eguna da: ospakizunak Mar del Plata, Buenos Aires eta Macachingo euskal etxeetan

2024/09/26

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Mikel Deuna ospatuko du 10 egunetan zehar, Macachingo Euzko Alkartasunak mus asteburu batekin egingo du eta Buenos Airesen, afari batekin omenduko dute
Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Mikel Deuna ospatuko du 10 egunetan zehar, Macachingo Euzko Alkartasunak mus asteburu batekin egingo du eta Buenos Airesen, afari batekin omenduko dute

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aralarko Mikel Deunaren omenezko ospakizunak ari dira abiatzen Hego Konoko zenbait euskal etxetan. Mar del Platan, tradizioari leial, Denak Bat Euskal Etxeak ekitaldien agenda zabala garatuko du Euskal Herriaren zaindariaren ohorez; Buenos Airesen, berriz, Laurak Batek afari batekin ospatuko du, eta Macachinen, euren sasoi honetako ohiko Mus Txapelketarekin egingo dute. Zure euskal etxean ere zeozer prestatu duzuela? info@euskalkultura.eus helbidera idatzi  eta kontaguzu!

Mar del Platako Denak Baten, ospakizuna gaur, osteguna, 17etan hasiko da, gimnastika artistikoaren erakustaldia eta Pilota Txapelketarekin, Teyú Cuaré trinketean. Ostiralean, irailaren 27an, 19etan Mus Txapelketa. Larunbatean, irailaren 28an, arratsaldeko 16etan, Euskal Etxeko haurrentzako eta aitona-amonentzako txokolatea zerbitzatuko da. Igandean, irailaren 29an, 11etan, meza Pedro eta Zezilia Santuen Katedralean eta, amaieran, euskal dantza erakustaldia eskainiko eliz aurrean. Eguerdiko ordu batean, Denak Bateko areto nagusian, Lagunarteko bazkaria San Migelen omenez. Txartelak $ 13.000 peso, barne dituela pintxoak, paella, edo arroza oilaskoarekin, postrea ere barne (edaria ez). 11 urtetik beherakoek $ 7.000 peso, menua oilaskoa arrozarekin, edaria eta postrea. Sarrerak salgai idazkaritzan, 15etatik 20etara.

Ondoko astean festak  jarraituko du. Astelehenean, irailaren 30, 19etan, Euskara Tailerra eskainiko dute "José de Aritztimuño" Liburutegian, eta hurrengo asteburuan,  urriaren 4an, ostiralean, 19etan, "Zirgariak" filma proiektatuko dute liburutegian bertan. Urriaren 5ean, larunbata, 20:30etatik aurrera, santuaren omenezko zikloari bukaera emanez, taska hasiko da. Janari tipikoak dastatzeaz gain, Beti Alai dantza taldearen emanaldia ere izango da, dantzarien talde guztiak partaide.

Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak afari batekin ospatuko du, urriaren 5ean, 21etan. Errekia eta postrea eskainiko dituzte, eta txartelak $15.000 balio du (edaria kanpo). Erreserba asteartera arte egin daiteke idazkaritzan; posta elektronikoz secretaria@centrolaurakbat.com helbidera idatziz; edo telefonoz, 11-3635-4130 telefonora deituz. Carolina Ale, Manuela Ortigosaketa Tomas Cozzi Barquin zuzendari dituen dantza taldeak jauzi, fandango eta dantza herrikoiekin alaituko du topaketa, txistuaren doinuz.

Macachingo Euzko Alkartasunan, herrialde osoko muslari bikoteak espero dituzte asteburuan musean jo ta ke aritzeko. Santuaren omenez, Aralarko San Migel Mus Txapelketa klasikoa jokatuko dute urriaren 4, ostiraletik igande 6ra arte, eta larunbat 5ean, afaria partekatuko dute bertaratutakoek, ohiko giro ederrean. Muslaria bazara, asteburu honetan badakizu non duzun zure moduko hitzordua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia