Sabrina Otegui / Buenos Aires, Argentina. Ezer gutxi zekien Iraia Elias-ek euskal diaspora argentinarrari buruz orain hilabete gutxi Buenos Airesen lurreratu aurretik. Izan ere, kointzidentzia ere izan zen Buenos Aires helmuga hautatzea: Argentinako hiriburuan aurkitu zuen Lecoq metodologia lantzen zuen antzerki eskola bat eta Buenos Airesera abiatu zen hemen hamar hilabete pasatzeko. “Leqoc-en metodologian oinarritutako zerbait ikastean nengoen interesatuta, Lecoq-en eskolak Bartzelonan eta Berlinen ere badaude baina bi urtetako ikastaroak dira eta nik zerbait trinkoago eta laburragoa nahi nuen. Interneten begiratzen hasi eta eskola hau aurkitu nuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak beka batzuk ematen ditu urtero arte dramatikorako eta dantzarako, aurkeztu nintzen eta beka eman zidaten. Oso aukera ona zen eta… Badakizu, bizitzan erabakiak hartu behar dituzu eta bat-batean Buenos Airesen topatzen duzu zeure burua”, adierazten digu irribarrez.
Buenos Aireseko kultur mugimendua
Argentina sakonki ez ezagutu arren, bazekien Iraiak kulturaren aldetik mugimendua handia aurkituko zuela Buenos Airesen eta horrek ere erakarri zuen: “Ez nuen Argentina ezagutzen, ez neukan inongo loturarik hemen baina interesgarria iruditu zitzaizkidan Argentina eta bereziki Buenos Aires kulturaren aldetik, antzerki arloan daukaten garrantzia… Beraz hori ere bazen etortzeko beste arrazoi bat. Ikastaroa trinkoa da eta ordu asko pasatzen ditut egunean eskolan sartuta, beraz, denbora handirik ez daukat; hala ere asteburuetan saiatzen naiz antzezlan ezberdinak ikusten eta, hainbeste dago! Eta obran guztietan dago zerbait ikasteko”.
“Ikuskizunetan dagoen publiko kantitateak ere harritzen nau. Joaten zara edozein tokitara antzezlan bat ikustera eta beti dago jendea; Euskal Herrian ez da halakorik gertatzen. Han, batez ere antzokietatik kanpo, beste zirkuito batzuetan, kultur etxeetan edo gaztetxetan mugitzen bazara inoiz ez dakizu ziur zenbat jende etorriko den... ez dago antzokira joateko ohiturarik… Hemen ‘gozada’ bat da ikustea publikoa dagoela edozein tokitan. Jendeak antzokira joateko ohitura dauka eta hori eskertzekoa da oso. Zerbait aurkezten duzun momentuan, jakitea jendea egongo dela zu ikusten… publikoa izango duzula… egiazko luxu bat da”.
Hego Amerikako publikoa
Iraiak argi ikusten du Argentinako eta Euskal Herriko publikoak oso ezberdinak direa, "ez kantitatearen aldetik bakarrik". Ikusten duten lanarekin inplikatzeko era ere oso desberdina omen da eta horretaz berehala ohartu zen Goya sarietarako hautagai izandako aktorea: “Bai Argentinako euskal etxeetan bai Uruguaiko Zinemaldian gauza berak harritu nau. Pelikula bukatzen denean, jendea galderak eta komentarioak egiten hasten da… Guztiek daukate zerbait esateko". "Euskal Herrian pelikula bukatzean, isilik geratuko ginateke, inork ez luke ezer esango… Hemen ikaragarria da nola jendea sartzen den gaian, nola azaltzen duen bere ikuspuntua… hori han ez da gertatzen”.
“Amama” Diasporan
Argentinako egonaldia baliatuz, Amama filmaren emanaldietara bertaratzera gonbidatu dute zenbait euskal etxek. Bertan pelikularen beste begirada bat ere ezagutu ahal izan du gazte zarauztarrak: “Euskal Zinema Ziklo Ibiltariko arduraduna den Carlos Gabilondoren bitartez gonbidatu ninduten Buenos Aireseko Euskaltzaleak-etik eta Arrecifeseko Euskaldunak Dena Bat-etik; gero La Platako Unibertsitate Nazionaleko Irakurletzak antolatutako zikloan ere izan nintzen. Nik uste dut orokorrean Amama oso erraz iristen den filma dela, gai unibertsalak jorratzen dituenez. Baina, jakina, hemen, euskal zirkuitoetan plus bat dauka. Jendeak Euskal Herriarekin daukan harremana ere ikusten baitio; Amama ikustean berreskuratzen ditu sentimendu horiek eta hori oso interesgarria da”.
Diaspora eta Euskal Herria
“Argentinara iritsi aurretik ezer gutxi nekien euskal diasporaz. Eta iruditzen zait Euskal Herrian ere ez dela ondo ezagutzen, neurri batean existituko ez balitz bezala dela. Badakigu Argentinan badaudela euskal etxeak, badakigu Argentinan bereziki badagoela euskal jatorrizko jende asko; baina uste dut ez dagoela lotura sendorik… oso urrun ikusten dutela elkarrengandik; eta pena handia da, zeren eta hemengo diaspora hain ‘potente’ izanda… Zenbat jende ari den euskara ikasten, zenbat jende euskal kulturarekin lotuta…‘Buenos Aires Celebra’ jaialdian ikusi nuen… Eta ez dakit hori iristen den hara… pentsatzen dut hainbat arlotan hangoa ere ez dela hona iristen. Badira bi mundu eta ederra litzateke biak hobeto saretzea. Gaur egun dauden tresnekin erraza behar du izan. Ez gaude duela ehun urte etorri ziren artzain haiek bezala… gaur egun erraztasunak daude hangoek hemengo errealitatea ezagut dezaten eta alderantziz… asko daukagu han ikasteko eta egiteko, sare hori da aberasteko”.
“Beste alde batetik, gaur egungo mugimendua ikustean galdera ugari sortzen zaizkit euskal immigranteei buruz… nola iritsi ziren… zein baldintzatan. Zeren eta ni etorri naiz eta oso erraza izan da niretzat kokatzea; baina honek gogora ekarri dit nola izango zen hau guztia jende horrentzat". "Horrekin batera, Montevideon adibidez, ikusi nuen kale askok euskal izenak dauzkatela eta harritzekoa da, eta beldurtzekoa ere… pentsatzen duzulako nortzuk izan ziren euskaldun haiek… Argi dago batzuk oso garrantzitsuak izan zirela herrialde hauetako historian eta galdetzen diozu zure buruari zein partetan, nola… galdera asko sortzen zaizkit, zentzu askotan… eta oso interesgarria iruditzen zait gogoeta hori ere”.