euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparreko Ibarra euskal etxe kaliforniarraren piknik festak amaiera ipiniko die bihar AEBko 2023ko 'udako' euskal jaiei

2023/10/13

Bihar, Rocklingo Iparreko Ibarra Euskal Etxearen piknik besta Kaliforniako Lincoln herrian
Bihar, Rocklingo Iparreko Ibarra Euskal Etxearen piknik besta Kaliforniako Lincoln herrian

PUBLIZITATEA

Rocklin, Kalifornia, AEB. Iparreko Ibarra euskal etxe kaliforniarraren urteroko piknik festak amaiera ipiniko dio bihar larunbata, urriaren 13a, 2023ko 'udako' euskal jaien sasoiari. Gogora dezagun Estatu Batuetako euskal festen 'udako sasoia' maiatzean hasi ohi dela Fresno Kalforniako euskal piknikarekin, hilabete horretan bertan Los Banos eta Bakersfieldekoekin jarraituz, eta ekainean, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian segitzen duela, AEB osoko geografiako formato beretsuko hamaika euskal festa baitaratuz. Egutegiko bi azkenak aurten, joan den igandeko Las Vegaseko Lagun Onak Euskal Etxearen jaia izan dira, eta hondarrekoa, bihar larunbata, Rocklin Kaliforniako Iparreko Ibarra Euskal Etxearena, kasu honetan Lincoln herriko McBean parke eta aretoan egingo dena.

Urteko azken euskal piknik festa hau goizeko zortzietan hasiko da, Euskal Etxearen Mus Txapelketan parte hartuko duten bikoteen izen-ematearekin, partidak berez 9etan hasteko (ez ahaztu AEBan, Diasporako beste hamaika lekutan bezala, musarena, eta tokiko mus txapelketak, erlijio baten moduko 'gauza seriusa' direla, askotan euskal festetako zati garrantzitsu eta bilgarria gainera). Eguerdiko hamabietan, 'tri tip' haragi erre sandwitx bazkaria zerbitzatuko da, bazkalostean, dantzarien emanaldiei ekiteko.

Lauak aldera, kirolei eutsiko zaie, eta bereziki, bertan sona duen txinga probari, partaideak hantxe izena emateko aukera izango dutela. Hala egingo dute, urtero bezala, bai neska eta mutikoek, gaztetxo, gazte zein helduek, bildutakoen txalo eta animoak lagun. Ondoren, seietan barbakoa moduko bildoski eta oilasko afariaren txanda, entsaladak, babarrunek, gaztak eta ardoak lagunduta. Ordurako zozketarako txartelak salduak izango dira, etekinak klubaren lagungarri. Ez da ezinbestekoa, baina afarirako erreserba hemen egin daiteke.

Azkenik, ohi bezala, eguna erromeria edo dantzaldi irekiarekin amaituko da, zortzietatik aurrera, euskal eta amerikar aireekin, hemen ere hainbat gazte eta heldu hamaika doinu tradizional eta ez tradizional dantzatuz, Euskal Herriko 'betiko' moldean, Estatu Batuetako hainbat herri txikitan behintzat segitzen duen erromeria moldean.

Urtea bukatu arteko bestelako festak

Gogoratu hau izango dela piknik formatoko 2023ko azken festa, baina bestelako jai eta elkarretaratzeek segituko dutela AEBko euskal komunitateetan, esaterako datorren astean bertan San Frantziskon Euskal Kultur Egunarekin, BEO antolatzaile; asteburu bereko Salt Lake City eta San Frantziskoko, edo ondokoko Boiseko Halloween festez, Renoko San Martin bilkura eta afari festaz, eta abendu osoan Euskararen Egunekoekin, Eguberri eta urte amaiera festa guztiekin, Boiseko Sheepherder's Ball-ekin-eta.



Komentarioak

  • Datorren astean

    Datorren astean saiatuko gara San Frantziskoko Kultur Egunera joaten. Hurrengo urtean Rocklinera. Eskerrik asko ematen duzuen informazio guztiagatik

    Xabier (San Frantzisko), 2023/10/15 11:23

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia