euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparreko Ibarra Basque Club-ek 12. Urteroko Besta eta 2016ko NABO Kantari Eguna ospatu zituen Lincoln-en

2016/10/12

Rocklingo Euskal Bestan aritu ziren dantzari txikiak, pozik eta urduri (argazkia Christelle Alfaro/Iparreko Ibarra Facebook)
Rocklingo Euskal Bestan aritu ziren dantzari txikiak, pozik eta urduri (argazkia Christelle Alfaro/Iparreko Ibarra Facebook)

PUBLIZITATEA

Iragan larunbatean, urriaren 8an, Kaliforniako euskaldunek hitzordua izan zuten Lincoln herrian, ondoko Rocklin-en egoitza duen Iparreko Ibarra Basque Clubek ospatzen zuen 12. Urteroko Besta eta 2016ko NABO Kantari Egunarekin. Bertara bildu ziren 300dik gora lagunek egun ederraz gozatzeko aukera izan zuten: musika, kantua, dantza, mus txapelketa, herri kirolak saioak eta dantzaldi eta guzti. Ikusi argazki bilduma, jarraian.

Lincoln, AEB. Iparreko Ibarra Euskal Etxeak, Besta eta Kantari Egun jendetsua ospatu zuen iragan larunbatean, Lincolnera bildu ziren 300 bat lagunekin. Eguna goiz hasi zen, 8:00etarako martxan baitzegoen Mus Txapelketa. Guztira 22 talde eta makina bat partida. Irabazleak Martin Aspiroz eta Pedro Miqueo izan ziren, eta txapeldunorde Chris Bonson Bonson eta Jean Michel Michelena.

Tenore berean, NABO Ipar Ameriketako euskal erakundeen federazioak aurtengo bere hirugarren bilera nagusiari ekin zion, herrialde osoko euskal etxe eta estatuetatik etorritako ordezkariekin, guztekin buru San Frantziskoko Valerie Arrechea NABO lehendakaria.

Eguerdian herri bazkaria egin zen, arkume erreki goxoarekin. Ordubatetan Kantaldia abiatu zen, Martin Etchemendyk aurkeztuta. Ekitaldian, kantari eta bertsolariez gain, dantzariek ere parte hartu zuten: batetik, Iparreko Ibarra Basque Dancers taldekoek, 33 txiki, Rose Marie Etchamendy Caballeroren zuzendaritzapean; eta bestetik, San Frantziskoko Zazpiak Bat Dancers taldea. Eurekin batera, Klikako musikariak (Chino, San Frantzisko, Los Banos, Fresno eta Rocklingoak) gogoz aritu ziren giroa alaitzen euren doinuekin. 

Arratsaldean txinga txapelketa egin zen, eta eguna bikain amaitu zen erromeriarekin, Jean Flesher eta Rene Caballero musikariekin.

Euskal etxe antolatzaileak, bertaratu eta antolakuntzan lagundu zuten guztiei eskerrak eman dizkie, eta datorren urteko hitzorduaren berri eman du: Iparreko Ibarraren 2017ko urriaren 14an izango da. Kantari Eguna, berriz, Nevadako Gardnervillen.

Argazki gehiago, Iparreko Ibarra Euskal Etxearen Facebook orrian. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia