euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparralden Aitamatxi argitaletxea jaio da, euskal Diasporako idazle gazteak ezagutzera emateko helburuarekin

2008/07/07

Aitamatxi argitaletxearen webgunea eta liburuaren portada
Aitamatxi argitaletxearen webgunea eta liburuaren portada

PUBLIZITATEA

Hilabete gutxi baino ez ditu, baina Kanbon sortua den Aitamatxi argitaletxeak kalean du jada bere lehen lana: 'Basky Surf Party' elaberria, Patxy Kennedy idazle nevadatar gaztearen lehen lana. Franck Sallaberry lapurtarrak gidatzen du argitaletxea eta urtean zehar argitaratzeko beste hiru lan dituzte prest: Idahoko egile batena, euskal argentinar idazle batena eta Miamin bizi den beste euskaldun batena. 'Euskal literaturan Atxaga bezalako ospe handiko idazleak daude, baina baita ezagutarazi nahi ditugun Diasporako egile gazte asko ere. Garrantzitsuena istorio onak aurkitzea da', azaldu dio Sallaberryk EuskalKultura.com-i. Lehen liburua --frantsesez-- salgai dago jada Iparraldeko liburudendetan eta sarean; eta datozen hilabeetan euskarara eta gaztelerara itzuliko dute.

Kanbo, Lapurdi. Franck Sallaberry Diasporako istorioak biziki maite dituen zinemagilea da eta urte askotako ametsa betez Aitamatxi argitaletxea sortu du aurten, Kanboko herri lapurtarrean kokatuta baina 8. probintzia deritzonari begira. Argitaletxea joan den apirilaren 3an sortu zuen  --''nahita egin genuen, 4+3, zazpi herrialdeak bezala', azaltzen du Sallaberryk-- baina euskal Diasporarekin urte askotako maitasun istorio eta topaketa desberdinen emaitza da.

Topaketa horietako batek, Sallaberry argitaletxeak plazaratu duen lehen liburuaren egilearekin, Patxy Kennedy nevadatarrarekin, harremanetan jarri zuen. Kennedyk aita texastarra eta ama Getariako lapurtarra du eta San Frantziskon topatu zuen Sallaberry. 'Nik Martxel Tillousekin (AEBetako euskaldunen apaiza) egin nuen bidaia hara eta gau batean, zerbait hartzen ari nintzela, gazte hau ezagutu eta eleberri bat zuela esan zidan. Askok esaten dute hori, eta gero eleberriaren arrastorik ez. Baina Patxyk e-maila hartu eta testua bidali zidan. Ona zen', gogora ekartzen du Sallaberryk.

Nevadako surfer bat Cote Bâsque-n

Patxy Kennedy-ren lehen eleberriak Nevada utzi eta Euskal Herrira datorren gazte baten esperientzia kontatzen du. Iparraldeko kostaldean, surfa, bere familia eta bizitzarekin zer egin nahi duen deskubrituko du. 'Hastapen eleberria, famili-komedia eta surf manualaren artekoa', horrela definitzen du Aitamatxiren webguneak liburua. Istoriak oinarrian du Kennedy beraren esperientzia: 14 urtekin, 1995ean, familiarekin amaren jaioterrira, Getariara, etorri zen bizitzera. Egun San Frantziskon bizi da gaztea.

Eleberria frantsesez argitaratua izan da, 5.000 aleko tirada batekin, eta Iparraldeko liburudendetan eta sarean eros daiteke. Datozen hilabeteetan euskaraz eta gazteleraz ere plazaratu nahi dute. 'Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin hizketan ari gara euskarazko itzulpen on bat egin ahal izateko. Eta Hegoaldean gazteleraz argitaratzeko Elkar argitaletxearekin hizketan gaude', aipatzen du Sallaberryk.

Argitaletxeak, gainera, urtean zehar aterako dituzten beste lanak ere prest dauzka. 'Helburua urtean lau liburu ateratzea da, sasoi bakoitzarekin batera', azaltzen du Sallaberryk. Eta argitaletxearen izpirituari jarraiki, denak dira Diasporako egileen lanak, euren ikuspuntu pertsonalarekin euskal literatura mundura ahots berriak ekartzeko prest: Idahoko John Etxebeste, Argentinako Tiffany Olaizola eta Miamiko Barbara Ibarra dira horietako batzuk. Bitartean, Franck Sallaberryk Aitamatxiren sarea Diasporan zehar hedatzen jarraituko du --interneten, euskal etxeen bidez edo ahotik ahora-- idazle berri eta istoria onen bila.

Informazio gehiago eskuratzeko eta liburua erosteko argibideetarako, jo Aitamatxi argitaletxearen webgunera,  hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia