euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparraldeko euskal-txiletarrak laugarren aldiz bildu dira Urdazubin euren urteroko topaketan

2011/09/27

Bazkarian parte hartu zuten lagunen talde argazkia, Ikaburua jatetxearen aurrealdean (argazkia BLarre)
Bazkarian parte hartu zuten lagunen talde argazkia, Ikaburua jatetxearen aurrealdean (argazkia BLarre)

PUBLIZITATEA

Iragan irailaren 18an berrogeita hamar bat euskal-txiletar bildu ziren Urdazubin, Nafarroan, Txileren Jai Nazionala kari euren urteroko topaketa egiteko. Ekitaldia komunitate honetako hitzordu klasikoa bihurtze bidean dago dagoeneko eta laugarren edizioa izan du aurtengoa. Bertaratu zirenak Iparraldeko lagunak izan ziren gehienbat, baina topaketa Euskal Herrian bizi diren txiletar eta euskal-txiletar guztiei irekia da. Antolatzaileek bilkurako zenbait argazki helarazi dizkigute.

Urdazubi, Nafarroa. Aurten ere euskal-txiletar talde bat elkartu da Urdazubin iragan irailaren 18an, Txileko Egun Nazionala ospatzeko. Bilkura hau egitea duela lau urte otu zitzaion Martin Ayçaguer euskal-txiletarrari, eta aurtengo topaketa laugarrena izan da jada. Azken bi edizioetan antolakuntzaren lekukoa Bixente Larrek eta Jose Alberto Choribit-ek hartu dute. Jaia Urdazubiko Ikaburua jatetxean egin izan da beti orain artean.

Aurten ekitaldiak eguerdian hasi ziren, partehartzaileei harrera eginez. Aspaldiko lagunak agurtzeko parada izan zen eta nahi zuenak Txilen oso tipikoa den gisan busti ahal izan zuen zintzurra, 'Pisco-Sour' edaria hartuz alegia. Ikaburua jatetxeak ikurriñarekin eta Txileko banderarekin agurtu zituen bisitariak, eta jangelan ere Txileko koloreak izan ziren nagusi.

Urdazubi Chile 2011

[Umore ona eta ondo pasatzeko goga, bazkaria hasi aurretik (argazkia BLarre)]

Urdazubi Chile 2011 2
[Bazkalostean kantatzeko kantuen letrak banatu zituzten mahaietan (argazkia BLarre)]

Eguraldiak ez zuen jaia lagundu nahi izan eta, biltzen joan zirenei harrera egin ostean, azkar pasa ziren parthartzaileak jangelara. Bapo bazkaldu ondoren, bazkalosteak kantu sorta ekarri zuen, betiko euskal molde xaharraren arabera. Ondoren, nola ez, mus partiden txanda heldu zen, euskaldunek Txileko euskal giroetan ikasi eta praktikatu bezala.

Urdazubi Chile 2011 3

[Kartak erakusten eta puntuak zenbatzen (argazkia BLarre)]

Bilkuraren balioespen baikorra egin dute antolatzaileek eta partehartze hazkorra azpimarratu dute. "Aurten 57 lagun bildu ginen, iaz baino zertxobait gehiago, eta horrek esan nahi du urtetik gora doan hitzordua dela gurea", azaldu du Bixente Larrek.



Komentarioak

  • Bixente Larreri

    Eskerrik asko zuri antolatzeagatik eta euskal-txiletar arima eta gogoari biltoki bat emateagatik. Anitz urtez.

    EuskalKultura.com idaztaldea, 2011/09/27 19:41

  • Euskal Txiletarrak

    Eskerrik asko artikuluarentzako!!

    Bixente Larre, 2011/09/27 19:07

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia