Ainhize Monjolose, Nafarroa Beherea. Georgiako Unibertsitateak antolaturik, Iparraldeko laborari talde bat eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako pertsona bat Apalatxe mendietako etxalde batzuk bisitatzen izan dira urri erdialdean. Nolaz? Duela 10 bat urte, Meredith Wecsh-Devine ikerlari gaztea Altzürükün (Zuberoa) egon zen urte t'erdiz bere tesia egiten, Zuberoan laborantzaren eta ingurumenaren arteko harremanak ikertzen, bereziki Natura 2000 gaiaren inguruan.
Aurten, Unibertsitateko beste antropologia eta geografia ikerlari zenbaitek joan den maiatzean aste bat pasa zuten Altzürükün etxalde zenbat bisitatzen eta informazioa biltzen.
Eta oraingoan, hemendik harako bidaiaren txanda izan da, Apalatxetan egiteko aldia, laborantzaren iraunkortasunari buruz ondoko urteetako ikerketa gaiak lantzen.
Bidaiak, aldi berean, aukera ekarri du San Frantziskoko Euskal Etxeraino heldu eta EHLG zer den azaltzeko eta Iparraldetik laborantzaren esparrura egiten diren ekarpenak aurkezteko urriaren 17an.
Bidaiako partaide izan den EHLGko koordinatzaile Iker Elosegirentzat, dudarik ez da bidaia "harrigarria eta interesgarria" izan zela, "bi mendiko eskualde, oso istorio desberdinekin..." "Apalatxetako lehen biztanleak, Txerokee populua kalitu edo desterratua izan zen eta orain heienak ziren lur gehienetan oihan, mendiko turismo eta laborantza ttipi bat atxematen dira". "Bestalde, oso harrituta geratzen dira Amerikanoak ikusirik zer gaitasun duten Ipar Euskal Herriko laborariek elgarrekin lan egiteko, bai eta ere behar dituzten tresnak eraikitzeko."
"Agian truke hauen bidez ikerlariek ukanen dute zer ikertu, laborantzak baditu-eta mundu osoan gaitzeko erronkak: nola elikatu jende guztia --baliabide urriko jendea barne, Estatu Batuetan "food desert", janari basamortuak dituzte, elikagaik atxemaiten ez diren auzo biziki pobreak-- janari sanoarekin, ingurumena errespetatzen dute jakiekin, klima aldaketan guti eraginez, etxalde iraunkor anitz behar dituen laborantza mota batekin. Erronka hor da", esan digu EHLGko koordinatzaileak.
Euskal Herriko Laborantza Ganbara
Zuentzat 64220 Ainiza Monjolose
laborantza.ganbara@ehlgbai.org
05 59 37 18 82
-EHLGren Berripapera jasotzeko, hemen
-EHLG dirulaguntzeko, hemen