euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordea: 20 urtez jarraian Bairesen euskal kulturaren alde

2012/10/05

Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Jorge P de Peralta, Paola G Uhalde, July eta Silvina Cirillo, Juan C Ibarrola. Erdikoan: Mariana Fdez Castelli, Gloria Etcheverry, Simon Soroet. Behekoan: Adrian Castell, Margarita J Murua, Lucia Etcheverry, Norma Rios
Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Jorge P de Peralta, Paola G Uhalde, July eta Silvina Cirillo, Juan C Ibarrola. Erdikoan: Mariana Fdez Castelli, Gloria Etcheverry, Simon Soroet. Behekoan: Adrian Castell, Margarita J Murua, Lucia Etcheverry, Norma Rios

PUBLIZITATEA

Harrituta geratzen dira askotan Europako euskaldunak Diasporako lagunek euskal kulturaz dakiten guztiaz ohartuta. Historian, geografian, musika eta dantzetan, politikan… gai ugaritan daude jantzita euskal gizataldeetako kideetako batzuk; batzuetan, gainera, bertan inoiz egon gabeak izanda. Baina fenomeno hau ez da kointzidentzia hutsa. Badaude Atlantikoaren alde honetan euskal kulturaren presentzia bermatzeko lan handia egiten duten erakundeak eta honen adibide ona da Buenos Airesen hogei urte bete berri dituen Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordea. Hona bere historiaren laburpena.

Buenos Aires, Argentina. Izan ere, irailaren 22an efemeride berezia ospatu du Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak. Aurten hogei urte bete dira kultur talde hau lanean hasi zenetik eta bi hamarkada hauetan partaide izandako lagunak ekarri dira gogora urteurrena ospatzeko euskal etxean bertan burututako topaketan. Hogei urte lanean, 117 urte dituen euskal etxearen arima euskaltzalea izanez.

“Kultur Azpibatzordea 1992. urtean sortu zen. Iparraldeko Euskal Etxeko batzordekide zen Guillermo P. Arrossagaray Murua izan zen bultzatzaile nagusia; izan ere, berari zor diogu proiektua gauzatu izana”, azaldu dio Norma Riosek EuskalKultura.com-i. “Hasiera batean honako lagunek osatu zuten Azpibatzordea: Margarita Jourdan, Paola Giurato Hualde, Jorge Porcel de Peralta, Gloria Etcheverry, Mariana Fernandez Castelli eta Lucía Etcheverry-k. Haiek, gainera, ezin estimatuzko laguntza jaso zuten euskal kulturan oso murgilduta zeuden beste pertsona batzuengandik, horietako batzuk, Mikel Ezkerro, Maria Elena Etcheverry eta Irene Lopez de Vicuña”.

IEEko Kultur Azpibatzordearen X. urtemuga 2012 01
[Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Lucia Etcheverry, Jorge Porcel de Peralta, Gilles Landaboure, Mariana Fernandez Castelli, Paola Giurato Uhalde, Juan Carlos Ibarrola. Beheko lerroan: Norma Rios, Gloria Etcheverry, Adrian Castell, Daniel Palma Balza (argazkia IEE)]
 

“Taldea sortuta, Mikel Ezkerro irakasleak bere gain hartu zuen Kultur Aholkulari rola eta laguntzaileen zerrenda osatu zuen. Kultur Azpibatzordeak lanari ekin zionetik, Argentinako zein Euskal Herriko hizlari anitzek partekatu dute euren ezagutza eta jakitatea gurekin” adierazi digu Iparraldeko Euskal Etxeko erreferentea den Riosek.

Hainbat hitzaldi eta hizlari

“‘Euskal pilotaren historia eta nola sartu zen Argentinan’ izan zen gure eskutik emandako lehenengo hitzaldia, Juan Labat-ek eskainia. Hortik aurrera hizlarien zerrenda luzea da oso, tartean Pedro M. Aranoa, Pedro eta Jorge Beramendi, Susana Laborde, Lucio Silva Goyeneche, Olga Carricaburu, Gabriela Mendia, Aitor Pescador Medrano, Diego Longueira, Patxi Arteaga, Carlos Larrinaga, Carmen Dassen, Oscar Alvarez Gila, Patxi Azparren Olaizola, Txema Landa, Joseba Oiar, Joseba Etxarri, Koldo Zabalondo, Frantxoa Dascon, Eduardo Torry, Norma Rios, Leandro Etchichury, Asier Zarraolandia Salas, Miren Arozarena, Carlos Martinez, Gilles Landaboure, Mariana Arla, Eduardo Eyheramendy, Cesar Gotta eta Emilio De Candido eta beste asko izan dira euskal kultura zabaltzen lagundu diguten lagunetako batzuk”, dio, aipatu gabe utziz bere izena eta bere senar Juan Carlos Ibarrolarena, esaterako.

IEEko Kultur Azpibatzordearen X. urtemuga 2012 02
 
[Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Maite Ezkerro, Adrián Castell, Paola Giurato Uhalde, Jorge Porcel de Peralta, Juan Labat, Margarita Jourdan, Ximun Haran, Guillermo Arrossagaray, Mikel Ezkerro eta Norma Rios. Beheko lerroan, Lucia Etcheverry, Alfredo Cirillo, Gloria Etcheverry eta Mariana Fernandez Castelli (argazkia IEE)]

Hogei urte hauetan, Buenos Aireseko euskal egutegian dagoeneko klasikoak diren ekimen batzuk sortu zituen kultur taldeak, hala nola Sorgin Afaria, Herri Urratseko Argentinako bertsioa edo Biperraren Pesta, batzuk aipatzearren. Ahaztu gabe beste erakundeek antolatutako ekitaldietan ere hartzen dutela parte Iparraldeko Euskal Etxeko ordezkariek. Baina, bereziki nabaritu zen eta gogoangarria izan zen Azpibatzordearen eragina, dataren berezitasunagatik, Iparraldeko Euskal Etxearen Mendeurreneko ospakizunetan, 1995ean. 

Iparraldeko EEaren Mendeurreneko ekitaldiak

Urteurrena zela eta, ekitaldi sorta polita antolatu zuen Azpibatzordeak, honako hitzaldi hauekin, besteak beste: Juan Labat-en ‘Ehun urte euskal pilota Argentinan’, Maria Elena Etcheverryren ‘RH faktore negatiboa euskal odolan’, Juan Lukugaray-ren ‘Euskal tresnak’, Enrique Aramburu-ren ‘Euskara eta euskal literatura’, Michel Iriart-en ‘Makila eta herrada’, Daniel Palma-ren ‘Euskal foroak Iparralden’, Juan Carlos Ibarrolaren ‘Euskal artelanen eta baserrien erakusketa’, Luis M. C. Garrel-en, Hernan de Zavalla-ren eta Roberto Azagra-ren ‘Iparraldeko heraldika eta genealogia’, Mikel Ezkerro-ren ‘Iparraldeko Euskal Etxea, 100 urte’ eta José M. Gutierrez-en ‘Ohiko euskal musika tresnak’.

“Denboraren poderioz, jende berria sartu da Azpibatzordean eta beste batzuk utzi egin dute. Proiektu ugari jarri ditugu martxan, esate baterako, Liburutegia eta Genealogia eta Heraldika sailak, ‘Saski Nahaski’ albistaria eta dantza taldea. Tamalez, proiektuetako batzuk bertan behera geratu dira jende eta diru ezagatik. Hala ere, eta hogei urte hauetan Euskal Herriarekiko eta batez ere Iparralderekiko dugun maitasuna eta engaiamendua ez da batere aldatu, ez eta batere gutxitu ere. Harro gaude horretaz eta hildo honi segitzea da gure eguneroko erronka”, aitortu digute Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko lagunek.



Komentarioak

  • Ipar Euskal Herritik

    Zorionak eta anitz urtez, baduzue mereximendua!!

    Zorionak!, 2012/10/06 17:30

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia