euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparraldeko Euskal Etxeak immigrazio bearnesaren 'Lo que me contó abuelito' filma aurkeztu du Buenos Airesen

2009/09/09

Agnès Lanusse, Amis de l'AFAB elkarteko presidente eta dokumental honen ideia emaile eta bultzatzailea, joan den astean Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean eginiko aurkezpenean
Agnès Lanusse, Amis de l'AFAB elkarteko presidente eta dokumental honen ideia emaile eta bultzatzailea, joan den astean Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean eginiko aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak Argentina eta Rio de la Platarako immigrazio bearnesa ardatz hartzen duen 'Lo que me contó abuelito' (Aitatxik kontatu zidana) filma aurkeztu zuen joan den asteko asteartean, hiriburu federaleko Moreno kaleko bere egoitzan. Agnès Lanusse-ren ideia batean oinarritua Dominique Gautier zuzendari, dokumentala egileen eskutik aurkeztua izan da agorriletik aurrera Argentinako Azul, Tres Arroyos, Santa Rosa, Tandil. Buenos Aires eta Cordoban, eta baita Uruguaiko Montevideon ere.

Buenos Aires, Argentina. Agorrilean iritsi ziren Argentinara Agnès Lanusse, Amis de l'AFAB (Frantses Argentinar Bearnes Elkarteko Lagunak) elkarteko presidentea eta Benoit Larradet, elkarte bereko idazkaria, filma Argentinan eta Uruguain aurkezteko. 'Lo que me contó abuelito' bi herrialde hauetarako immigrazioa ardatz hartzen duen dokumentala da, Lanusse anderearen ideia batean oinarritua, Dominique Gautier zuzendari. Aurkezpenak Azul, Tres Arroyos, Santa Rosa, Tandil, Buenos Aires (Lycée J. Mermoz-en eta Iparraldeko Euskal Etxean) eta Cordoban egin dira, eta baita Uruguaiko Montevideo hiriburuan ere.

Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko emanaldia joan den asteko asteartean egin zen, irailaren 2an, lehenik egungo Bearnoari buruzko irudi eta lekukotasunak eman zirelarik, bideoan, ondoren dokumentala eskaintzeko, azken hau Argentinara etorritako immigrante bearnesen ondorengoen lekukotasunetan oinarritua, hainbat argazki, material eta dokumentazioa lagun.

Iragan immigrante amankomun hunkigarria

Iparraldeko Euskal Etxeko idazkari Norma Rios-ek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, filmeak piztutako interesa "zinez gainditu zituen dokumentalaren kalitateak, pertsonaien erakargarritasunak eta kontaketa landuak, filmak bikoiztuta eskaintzen dituelarik elkarrizketatuek bearnesez edo frantsesez kontatzen dituzten pasarteak".

"Gure euskal etxean eta filma eskaini izan duten gainerako lekuetan ere oso harrera ona izan du, jendeak aretoak bete dituela eta gustura, lanari buruz aldeko aipu eta komentarioak eginez". "Geure herrialdean gutxi ezagutua den Bearnoa aurkeztu eta ezagutaraztearekin batera, baliotsua da arras, Argentina eraikitzen lagundu dutenen istorioetara hurbiltzeko. Gainerako immigranteen istorioen antzekoak izanagatik hunkigarriak dira guretzat, geu ere honelako immigranteen ondorengo baikara", adierazi digu Iparraldeko Euskal Etxeko idazkariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia