Buenos Aires, Argentina. Heldu den urtean 130 urte egingo dituen Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak lanean jarraitzen du Euskal Herriko kultura eta, aldi berean, bere historia propioa ere zabaltzen. Joan den azaroaren 19an, asteartez, Buenos Aires Hiriko Ondare, Museo eta Hirigune Historikoaren Zuzendaritza Nagusiak deituta eta Sebastian Allertini gidaria lagun, 35 laguneko talde baten bisita jaso zuen, 1901eko urtarrilaren 13an inauguratutako eraikin enblematikoaren bisita gidatua egiteko bertaratuak. Jarduera urtero egiten da, eta publiko guztiari aukera ematen dio gertutik ezagutzeko elkartearen egoitzako instalazioak, elkartegintzaren lekuko eta euskal komunitatearen eta hiriaren ondarea direnak.
35 pertsonako talde batek, Buenos Aires Hiriko Gobernua antolatzaile, eraikina bisitatu zuen. 1901eko urtarrilaren 13an estreinatua, Iparraldeko EEa berez 1895eko apirilaren 1ekoa da
Euskal Etxeko batzordekide Norma Riosek Kultura Aretoan errezibitu zituen eta gainbegiratua eskaini zien Euskal Herriaz, bere geografia eta lurraldeak aipatuz, baserria eta bizimodu tradizionala, egungo antolaketa politikoa, hizkuntza eta sinboloak, besteak beste. Bere eskutik, taldea hainbat espaziotan bili zen, eraikinaren historian barrena. Izan ere eraikina 1804ko jatorria duen finka batean eraikia eta, eta euskal etxearen egoitza soziala izan aurretik 10 pertsonaren jabegoa izan zuen. Jorratu zituzten baita ere erakinaren ezaugarri arkitektonikoak eta urteetan zehar izandako aldaketen xehetasunak. Bisitariek hiriko euskal sukaldaritzaren erreferentea den jatetxe ospetsua bisitatu zuten, baita bazkideentzako jangela, Idazkaritza eta elkarteko lehendakari guztien argazkiak ikusgai dauden Lehendakaritza Aretoa ere.
Azkenik, kintxora eta pilotalekura jaitsi ziren. Bertan, Tandilgo pilotari ohi eta tokiaren egungo arduradunak, Martin "Pica" Usandizagak, harrera egin zien, eta euskal jatorriko kirolik ezagunena den hau aurkeztu zien, modalitateak, trinketearen funtzionamendua eta bere erabilera sozialari buruz jardunez, kirolaz haratago, jai eta ospakizunetarako agertoki gisa. "Galdera asko egin zituzten gai askori buruz, iritziak trukatu ahal izan genituen, eta pozik eta esker onez joan ziren. Topaketa oso aberasgarria izan zen", adierazi dio EuskalKultura.eus-i, bozkarioa agerian, Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko erreferente Norma Riosek.