euskal diaspora eta kultura
2012/12/28
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urteko egitarauaren azken ekintza publiko esanguratsua burutu zuten Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko arduradunek abenduaren 8an. Olentzero Pesta Moreno kaleko egoitzako kintxoan burutu zen eta urtero bezala, lagun anitz bildu zituen.
Afalostean eta Euskal Herriko ikazkinaren etorrerarekin bat eginez, ustekabe bat zeukaten prestatuta anfitrioiek. Carlos Martinez etxeko Olentzerok bere lankidea aurkeztu zion bildutako jendeari. Mari Domingi (Rosa Isabel Misciagna-k antzeztua) lagundu zion opariak egiten eta ‘errieta bota zion mutilari etxeko lanak ez egiteagatik’, bertan azaldu zutenez. Mari Domingi, izen-bereko euskal gabon kanta ezagunaren proptagonista da eta, azken urteotan Euskal Herriko hainbat lekuetan gailentzen ari den ekinbidearen arabera, Olentzerorekin batera haurren artean opari-emate lanaren ardura hartzen duen emazte-figura da, askotan Ertaroko euskal jantzi herrikoiez dotore beztitua.
[Olentzerok eta Mari Domingik Gobonetako izpiritua ekarri zuten Moreno kaleko etxera (argazkiaIEE)]
Taularatzeaz gain, Emilio de Candidok kontatu zien gonbidatuei bi pertsonaia hauen istorioa eta zeregina euskal Eguberrietan. Antzezlana bukatutakoan, opariak banatu zituen Olentzerok betiko tradizioari jarraituz: gozokiak zintzo portatu zirenentzat eta ikatza gaizto edo kixkun-kaxkun jardundakoentzat.
[Guztiek gehien espero zuten momentua: Olentzero gozokiak eta ikatza banatu zituen publikoaren artean (argazkiaIEE)]
Jaiarekin segitzeko, Juan Carlos Ibarrolak egindako eskulanak zozketatu ziren eta horren ondoren Cristina Cordararen zuzendaritzapean euskal errepertorioko zenbait kantu interpretatu ziren.
[Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Batzordeko zenbait kide: Juan Carlos Ibarrola, Carlos Bordagaray, Norma Rios, Carlos Martinez eta Cristina Cordara (argazkiaIEE)]
‘Hator Hator’ abestia kantatu eta gero, bildutako guztiek euren kopak altxatu zituzten topa egiteko. Jaia euskal dantza eta erromeri giro nabariko aire eta alegrantziaz bukatu zen Moreno kale buenosairestarreko euskal etxearen trinketean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus