Urtero legez, Hego Hemisferioko neguko eta Ipar Hemisferioko udako solstizioa ospatuko dute Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek ekainaren 24an euren ohiko 'Sorgin Afaria'rekin. Buenos Airesen bihotzean, benetako 'akelarre' bat egingo dute, sorgin eta guzti, ongi jan-edan, dantzatu eta kantatuz. Gonbite honekin batera, euren Herri Urrats jaiaren argazkiak helarazi dizkigute Iparraldeko Etxeko Kultur Azpibatzordeko kideek, eta galeria batera bildu ditugu.
Buenos Aires, Argentina. Festa giroko ekintza sorta polita antolatu du ekainerako Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak eta guztietara gonbidatzen du Buenos Airesko euskal komunitatea. Horietarik, datorren ostegunen bertan, ekainaren 15ean, ‘Euskaltasuna Argentinan’ hitzaldia eskainiko du Mikel Ezkerrok.
Ekainaren 21ean, berriz, Euskal Zinea proiektatuko du Carlos Gabilondok. Hautatutako izenburuak Luis Vilen Flores de Papel; eta Basker suediar dokumentala dira.
Programarekin jarraituz, ekainaren 24an Sorgin Afaria egingo dute, San Juan gaua eta solstizioa ospatzeko. Akelarrea datorren larunbatean, gaueko 9:30etan hasiko da afariarekin eta afalostean gauerdiko araoa egingo dute. Zozketak eta ‘sorgin (jantzi) onena’ aukeratzeko lehiaketa bat ere egingo dira. Txartelak $200 balio ditu eta erreserbak ekainaren 23ra egin daitezke ibaiak@hotmail.com helbidean edota 15 3784 5370 telefono zenbakira deituz. Joateko asmoa dutenei, arropa beltzez jantzita azaltzeko eskatzen zaie; behin baino gehiagotan eskatu eta azpimarratu dute antolatzaileek.
Honi lotuta, ekaineko azken ostegunean, ekainaren 29an, iluntzeko 7:30etan, Juan Carlos Ibarrolaren ‘Sorginak eta solstizioak” hitzaldiarekin itxiko ditu hilabeteko ekitaldiak Iparraldeko Euskal Etxeak.
Herri Urrats
Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko kideek euren buruari proposatutako helbuetako bat da Ipar Euskal Herrian ospatzen diren jaiak hona ekarri eta, bertako bertsioan, jaiekin bat egitea. Ildo honi segituz, euskararen alde Senpere Lakuan maiatzaren 14an egin zen Herri Urrats festak argentinar ospakizun bat izan zuen hiriburuko Moreno kaleko Etxean, aurten gainera, ospakizun ofizialaren bezperan. Gogora dezagun jaiaren 34. edizio honetan bildutako dirua Baionako Bernart Etxepare Lizeoaren lekualdatzea finantziatzeko erabiliko dela.
Buenos Aireseko Herri Urratsi hasiera emateko, Carlos Martinez bildutakoei zuzendu zitzaien eta azaldu zien ekitaldiaren historia eta esanahia; mintzaldian beste gai hauek ere garatu zituen: Iparraldeko ikastolak biltzen dituen Seaska Federazioa, euskararen egoera Ipar Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoarekin sinatutako lankidetza akordioa eta Iparraldeko Mankomunitate berria eta bere baitan izendatu den Hizkuntza Politikarako arduraduna.
Jarraian Mariana Arlak Ken Zazpi Taldeak Herri Urratserako egindako bideoklipa aurkeztu zuen eta (H)aizu! leloaren zentzua azaldu. Azalpenak animaturik, euren eskuak margotu eta esku markak utzi zituzten bildutakoek bi kartel handitan.
Eta ondotik Cristina Cordarak prestatutako pintxo eta dilistak partekatu zituzten gonbidatuek. Zorte handidunek Juan Carlos Ibarrolak egindako eskulanak irabazi zituzten zozketetan.