euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakundea sortu zutenen amets bati ekingo diote Iparraldeko EEko kideek euskara ikastaro bat hasiz

2012/06/18

Iparraldeko Euskal Etxean euskara klaseak uztailaren 3an hasiko dira
Iparraldeko Euskal Etxean euskara klaseak uztailaren 3an hasiko dira

PUBLIZITATEA

“Euskaldunen hizkuntza betidanik egon da Buenos Airesko Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxearen bihotzean. Erakundearen estatutuetara jotzen badugu, ikusiko dugu elkartea sortu zen urte berean euskaratu zituztela; garai hartan kide guztiak ziren euskaradunak eta izena emateko formularioak frantsesez zein euskaraz bete zitezkeen”, azaltzen du erakundeko idazkaria den Norma Rios-ek. Orain sustrai horietara bueltatzeko aukera bideratu dute Iparraldeko Euskal Etxeko kide eta lagunek. Uztailaren 3an euskara eta kulturari buruzko klaseak hasiko dira Moreno kaleko instituzioan, Euskaltzaleak-eko Teresa de Zavaleta irakaslearen ardurapean. Bi orduz astean behin izango dira eskolak, musu truke, eta “hizkuntzaren bidez, bizi bizirik dagoen herri baten kultura ezagutzea” dute helburu.

Buenos Aires, Argentina. Aho batez onartu zuen Iparraldeko Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak euskara eta euskal kulturaz ikastaro bat garatzeko proposamena. “Izan ere,  jatorrietara bueltatzeko era bat da. Ez dezagun ahaztu 1885. urtean etxe hau jaio zenean, kide guztiak euskaradunak zirela eta estatutuak eta izena emateko formularioak euskaraz ere bazeudela. Are gehiago, 1949ko abenduaren 3 hartan, San Frantzisko Xabier eguneko jaian, euskararen aldeko batzordeak -besteak beste, Isaac Lopez Mendizabal, Julia Olariaga de Cendoya, Iñaki de Azpiazu eta Catalina Urruspuru de Dufau kide-, lehendabiziko Euskararen Eguna ospatzeko bilera bat antolatu zuen”, ekartzen du gogora Ipar Euskal Herriko jatorridunen etxeko ekintzen bultzatzaile nagusietako bat den Norma Rios-ek.

Orain, izpiritu hori indarberritzeko asmoarekin, euskara eta euskal kulturari buruzko ikastaro bat eskainiko die erakundeak bere kide eta lagun guztiei. Kurtsoa emateko ardura Teresa de Zavaleta Euskaltzaleak-eko irakaslearena izango da eta ekintzaren xedea, “hizkuntza eta kultura ikastea era didaktiko eta polit batean. Euskararen oinarrizko edukiak landuko ditugu kulturaren bidez; beraz, ez da beharrezkoa izango aldez aurreko ezagutzarik izatea”, azaldu dute antolatzaileek.

“Erakundearen historia zehar, 1999tik 2001era epera arte ez genuen eskaini gure etxean euskara ikasteko aukera. Patxi Arteaga eta Idoia Garaikoetxea euskaldunak aritu ziren hemen irakasle baina gero Euskal Herrira bueltatu ziren eta klaseen proiektua bertan behera geratu zen. Dena den, ondo baino hobeto dakigu zein garrantzia duen euskarak Euskal Herriarentzat eta beraz poz-pozik gaude ikastaroarekin”, azaldu dio Rios-ek EuskalKultura.com-i.

Ikastaroa uztailaren 3an hasiko da eta azaro bukaera arte luzatuko, astean behin, astearteetan, iluntzeko 7etatik 9etara. Eskolak Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan (Moreno kaleko 1370. zenbakian) izango dira, kitorik. Hala ere, nahi duenak borondatezko diru ekarpena egin ahal izango dio erakundeko Kultura Azpibatzordeari. Informazio gehiago, ibaiak@hotmail.com helbidean edo 15 3784 5370 zenbakira deituz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia