Montevideo, Uruguai. FIVU Uruguaiko euskal erakundeen Federazioak eta Uruguaiko Postak omenaldi berezia egin diote Urretxuko musikagile ospetsuari euskal gaiak biltzen dituzten zigilu eta zigilu-markak kaleratzen. Izan ere, Jose Maria Iparragirreren irudia ez ezik, euskal dantzariak, eguzkiloreak eta Gernikako Arbola kantaren bertso batzuk ere erabili dituzte zigilu uruguaitarretan zirkulatzeko.
Aurkezpen ekitaldia Sodre-ren aretoan izan zen --ikuskizun artistiko eta kulturalez arduratzen den erakundea da Sodre-- eta ekimenean parte hartu zuten Martín Inthamoussu Sodre-ko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak, Juan Pedro Arin FIVUko lehendakariak eta Rafael Navarriño Uruguaiko Postaren Zuzendaritzako presidenteak. Osasun neurriak eta distantzia soziala betez, FIVUko eta Uruguaiko zenbait euskal etxetako agintariak ere bertaratu ziren zeremoniara.
Teknologia berriei esker Euskal Herritik ere jarraitu ahal izan zen aurkezpena. Urretxu Iparragirreren sorterritik, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk eta herriko alkate Jon Luquik hitz batzuk esan zituzten. Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak eta FEVAk ere izan zituzten euren ordezkariak distantzian partaide.
Aurkezpen ekitaldian Arin FIVUko presidenteak Gernikako Arbola abestu zuen. Ekitaldia abenduaren 3an egin zen, Euskararen Nazioarteko Egunean.
Ekitaldiko argazki gehiago, hemen.