euskal diaspora eta kultura
2008/10/24
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Bizitasuna, garaikidetasuna, bizitzaren aurreko ikuspegi koloretsua, gaztetasuna, irekiera musika eragin eta iturri anitzeri, euskal erroak eta rocka, folka, blues, gospela eta pop-rocka praktikatzea dira batek, biak edota hiruek dauzkaten ezaugarriak. Maialen Errotabeherek, Mixu Mixelenak eta Pantxoa 'Xabaltx' Bergarak osatzen dute MMX hirukotea, gehienbat Ipar Euskal Herrian ezagutua dena eta aste honetatik aurrera Argentinako euskal eremuetan ere zeresana emango duena.
Hiruak bi hitzetan aurkeztearren, Maialenek pare bat disko dauzka bakarka eta bere ahots izugarri eder eta malguak entzule asko zoratu arazi ditu; Mixu Mixelena, berriz, Sustraiak euskal rock talde ezaguneko partaide gisa azaldu zen Euskal Herriko plazetara, baina geroztik bakarkako ibilbideari ere ekin dio, folk-bossa eta beste molde batzuetako markekin; Xalbaltx, Pantxoa Bergara alegia, musika idazle da, pock-rockeroa definitzen du bere estiloa eta aspaldi dabil musikagile olerkari. Hiruek osatzen dute MMX, Argentinan euskal musika tradizionala zein modernoa eskainiko duen programaz aurkezten den hirukotea.
Ez daukate erabat itxia emanaldi zerrenda. Beraz, euskal etxeren batek edo beste inork emanaldiren bat antolatu nahi izango balu beraiekin, aski luke Norma Rios-en bidez kontaktatzea, hona idatziz: ibaiak@hotmail.com. Hona orain artean daukaten programa (ikus xehetasunak agendan).
Gaur bertan ostiraletan Mexiko 1880ko Euskal Egoitzan egiten diren ostiraletan hartuko dute parte. Kantaldia emango dute bertan, Euskaltzaleak-ek antolaturik, bederatzietatik aurrera, sarrera 20 peso, mokadu bat jateko aukera barne. Bihar, berriz, hiriburu federaleko Iparraldeko Euskal Etxean, CVFen, arituko dira, 'Piperraren Pesta' delakoan, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera.
Asteartean, urriaren 28an, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean emango dute kontzertua, zazpi t'erdietatik aurrera. Ostiralean, hilak 30, Euskal Argentina taldeko partaideak Euskal Herritik Buenos Airesera iritsiko direlarik, haien ohoretan Laurak Bat Euskal Etxeko Txokoan kantatuko dute, ongi etorria emanez, zortzietatik aurrera. Ondoren, La Platara, Euskal Aste Nazionalera joango dira, Buenos Aires probintziako hiriburuko euskal jai honetan parte hartzeko, besteak beste ostiraleko erromerian eta igandeko amaiera oturuntzan.
Hirukotea eta eurekin datorren lau musikari eta telebista kamera batek osatzen duten ordezkaritza iragan astelehen eguerdian heldu ziren Buenos Airesera. Egun horretan bertan bildu ziren Iparraldeko Euskal Etxeko kideekin, tartean Norma Ríos Kultura Azpibatzordeko kidea. Ondotik Moreno kalean egoitza daukan euskal erakunde honek instalazioak bisitatu zituen eta Ernesto Conejo Saravia EEko presidenteak hartu zituen. Xabaltxek trinketa dastatzeko aukera izan zuen eta taldeak bertako euskal jatetxean afaldu zuen, hondarrean bertaratutako guztien aurrean gisa informalean kantatuz.
Lotura interesgarriak
Mixu Mixelena, Myspace-n
http://www.myspace.com/mixumixelena
Maialen Errotabehere, Myspace-n
http://www.myspace.com/mixumixelena
Xabaltx, Myspace-n (Sustraia taldeko kide ohia da)
http://www.myspace.com/xabaltx
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus