euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Euskal Herriko Euskal Argentina elkarteko espedizio bat ere Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalera partaide

2019/10/25

Euskal Argentina elkartearen 2019ko Biltzarra Baxenabarreko hiriburu Donibane Garaziko Herriko Etxean,
Euskal Argentina elkartearen 2019ko Biltzarra Baxenabarreko hiriburu Donibane Garaziko Herriko Etxean,

PUBLIZITATEA

Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Orotara 24 bidaiariko espedizioa izango da Nafarroa Behetik abiatuko dena, Ipar Euskal Herria eta Hegoalde Konoko euskal emigrazioaren arteko harremanak sustatzea eta oro har "gure diasporaren --bereziki Iparrarralde aldekoaren-- ezagutza ikertu, suspertu eta hedatzea" helburu duen Euskal Argentina elkartea antolatzaile. Elkarteak bi urtero antolatu ohi ditu azken urteotan bere kide eta lagunen bidaiak hego Konora, normalean Argentinako Euskal Aste Nazionalaren garaian.

"Aurtengoa, azaroaren 5etik 25a arte eginen dugu", adierazi dio EuskalKultura.eus-i elkarteko buru den Monika Legartok, emendatuz bidaiako gehien-gehienak lehen aldikoz bisitatuko dutela Argentina, izan ere euren familietan leku aipatua duen eta espediziokideen etxeko historia eta istorioei irmo lotua den lurraldea. Bidaiarien artean hogeita bi dira Iparraldekoek eta beste bi Bigorrekoak, guztiak Hegoalde Konorako emigrazioak bustitakoak.

Buenos Airesen, ohi bezala, Iparraldeko Euskal Etxeak errezibituko ditu, eta berehala Bahia Blancara mugituko dira bertako Euskal Astean parte hartzeko. Astelehenean, euskal elkarretaratze nagusiaren ostean, hurbileko Pigüé-ra joanen dira, bertako euskaldunekin bildu eta "gure kusiekin" topatzeko, baita herriko Aveyron-Avaironeko jatorridun herritarrekin ere. Gogoratu behar da euskal etxe ofizialik ez, baina jatorri euskalduneko herritar frango dituen Pigüé, Okzitaniako Aveyron-Avairon aldeko hainbat familiek sortutako herria dela 1884an.

Euskal Argentinako kideek La Pampa probintzia ondoko Carhué eta Villa Epecuén ere bisitatuko dituzte, gida gisa "Bahia Blancako kusiak eta Euskal Etxeko kideak izanik" eta Bahia Blanca bera. Ondoren egun libreak dauzkate, bakoitzan bere familia bisitatzeko-edo, eta azaroaren 25an tango emanaldi batek bilduko ditu, Euskal Herrirako itzulerari ekiteko.

Usadioan bezala, kantu herrikoi inprobisatuek ere bere lekua izango dute bidaian, bidaiarietako batzuk euskal ohitura tradizional horri tinko eusten baitiote.

-2019 Euskal Aste Nazionaleko egitaraua Bahia Blancan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia