euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Amerikako euskara irakasleak barnetegian ikastaro trinkoa ari dira egiten Boisen, larunbata arte

2012/06/13

Boiseko barnetegian parte hartzen ari diren irakasleak eta arduradunak, Boise State University-ko kanpusean (argazkia HABE)
Boiseko barnetegian parte hartzen ari diren irakasleak eta arduradunak, Boise State University-ko kanpusean (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Iragan ekainaren 9an hasi zen Boisen Ipar Amerikako euskal etxeetako euskara irakasleen barnetegi berri bat. Bertan ari dira trebatzen Coloradotik, Chicagotik, San Frantziskotik, Renotik eta beste zenbait lekutik etorritako irakasleak. Urtean zehar internet bidezko ikastaroa jasotzen dute lagun hauek, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren barruan, eta urtean behin barnetegia egiten dute ikasitakoa praktikatzeko eta finkatzeko. Larunbatean bukatuko da aurtengoa. Bestalde, Izaskun Kortazar pertsona baten bila dabil uztailean Arantzazun (Gipuzkoan) antolatu duen barnetegirako taldea osatzeko. Uztailaren 2tik 14ra izango da.

Boise, AEB. Ekainaren 9an hasi eta larunbat honetara bitartean trebakuntza ikastaro trinkoa ari dira egiten Boisen Ipar Amerikako euskara irakasleak, HABE eta NABO (North American Basque Organizations) federazioak antolatuta. 2010eko irailean abiatu zen Ipar Amerikako lehenengo irakasle taldea, 14 lagunek osatua, AEBetako euskal etxeetan euskara irakaskuntza eskaini ahal izateko helburuarekin. 2011-2012 ikasturtean 16 izan dira.

Irakaslegi hauen trebakuntza internet bidez egin du HABEk, izan ere, bakoitza AEBetako mutur batetik aritzen baita. HABEren Ikasten plataformaren bitartez, astero irakasle bakoitzak unitate bat jaso eta osatzen du, tutoreen laguntzarekin. Horrek, gutxienez, astean hiru orduko dedikazioa eskatzen die. Boisen egiten ari diren barnetegian urtean zehar ikasitakoa finkatzen eta praktikatzen ari dira orain.

boise barnetegia 2012

[Barnetegian parte hartzen ari diren irakasleetako batzuk ariketa bat egiten (argazkia HABE)]

Barnetegirako lagun baten faltan

Bestalde, Izaskun Kortazarrek jakinarazi duenez ikasle baten faltan da federazioa uztailean Euskal Herrian egingo den barnetegiko taldea osatzeko. Oinarrizko mailako barnetegia egingo dute AEBetako zenbait euskara ikaslek uztailaren 2tik 14ra Arantzazun (Gipuzkoan). Ikastaroa hasiberrientzako bada ere, urte betez edo bi urtez euskara eskolak hartu dituztenek ere parte har dezakete, adierazi du Kortazarrek.

Ikastaroan 100 eskola ordu emango dira. Prezioa 656 eurotakoa da, ostatua eta janaria barne. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko idatzi Izaskuni izaskunkortazar@gmail.com e-mailera. Izena emateko epea astelehenean, ekainaren 18an amaituko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia