Saint Pierre, Saint Pierre eta Miquelon. COVID-19aren karietara Saint Pierre eta Miquelongo (SPM) artxipelagora bidaiatzea ez da gauza erraza izan azken urtean, eta gaur egun ere hegazkina hartu aurretiko 72 orduetan egindako PCRa eskatzen dute, eta berrogeialdia pasatzea iritsitakoan. ia urtebete honetan 24 gaisotu izan dituzte, hildakorik gabe. Bertako euskal elkarteei dagokienez, isolamenduak Euskal Herriko jenderik ez etortzea ekarri du eta, esaterako, abuztuko Euskal Bestak askoz lokalagoak izatea, kirolari, musikari eta partaide lokalekin.
Baina aktibitateek segitu dute, Euskal Etxeak eta bertako gainerako elkarte senidetuak antolatzaile, tartean kirolen arloan 'Balmoruak', arraun-ekintzetan, pilotan SPMeko Euskal Pilota Ligarekin, kantuan 'Bankuen Korua' abesbatzarekin, euskal dantzan 'Orok-Bat' taldearekin eta bere haur eta heldu taldeen eskutik eta Euskal Etxea protagonista buru euskal kultura sustatzeko lanarekin, historia eta ondarea zainduz, liburutegia atxikiz, euskara ikasteko aukerak emanez eta kultur animazioak gauzatuz.
Bertako euskal egutegian --irletakoan oro har-- abuztuko urteroko Euskal Besta gertaera handia da: astebeteko festak St. Pierreko aire zabaleko kantxan, herriaren erdian, musika, pilota, kirol erakustaldiak, gastronomia, dantza, tailerrak, haurrentzako ekitaldiak... protagonista. Normalean euskal herriko gonbidaturen bat etorri ohi da, musikari, pilotari, herri-kirolari... baina iaz pandemiak hori eragotzi zuen.
"Bertakoen partaidetza soilarekin", dena den, "festa politak atera ziren, animazio handiarekin, ohi bezala gastronomia, dantzari eta pilotariak, euskal merkatua, herri-kirolak eta haur, familia eta helduentzako ekintzez", laburbildu digu Euskal Etxetik, XIX. mendean bertara heldutako hondarribitar-donibane lohizundarren ondorengoa den Michel Goïcoecheak.
2021 honetan, koronabirusaren eragina eta oro har bidaiatzeko zein ibiltzeko murrizketak indarrean segitzen badute ere, normaltasunaren bidean sartzeko esperantza daukate Saint Pierre eta Miquelongo euskaldunek. Hasteko, urtero Euskal Herritik bertako Pilota Eskolan irakasle aritzeko ekartzen duten pertsonaren deialdia zabaldu dute dagoeneko (ikus hemen), eta begiratzen hasi dira 2021eko agorrileko Euskal Bestari begira, izan ere bere 40. edizio biribilera iritsiko baita. Orok bat, aitzina beti!