euskal diaspora eta kultura
2012/04/11
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxea jatorriz Gernikarekin anaitasuna sustatzeko asmoz sortutako elkartea da, alemaniar euskaltzale, historialari eta aditu talde batek sortua, hain zuzen, bonbardaketaren gomuta mantendu eta gertakari honek historikoki duen garrantzia azpimarratzeko. Hori dela eta, elkarteak ahalegin eta gogo handia jarri du bonbardaketaren 75. urteurrenaren ekitaldietan, eta momentuz, erantzun oso ona ari dira izaten Berlingo euskaltzaleek proposaturiko ekitaldiak, Euskal Etxeko zuzendaritzako kide Unai Lauzirikak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.
Ekitaldiak iragan apirilaren 1ean abiarazi zituzten, 1937an naziek burutu zuten eraso eta txikizioari buruzko erakusketa batekin. Irudien artean Pablo Picasso margolariak egin zuen 'Guernica' maisulan ikonikoak leku berezia izan zuen. Ekitaldira 70 lagunetik gora bildu ziren eta interes biziz entzun zuten Wolfgang Wipperman historialariak gaiari buruz egin zuen aurkezpena. Ondoren, Klaus Ihlau zuzendari alemaniarraren 'Gernika' dokumentala erakutsi zen.
[Wolfgang Wipperman historialaria aurkezpena egiten, Picassoren 'Guernica'-ren irudiaren aurrean (argazkia Helena Falabino)]
Ekitaldi berean, eta pintxo dastaketa batekin indarrak berritu ostean, Pia Kuhlmann eta Pedro Deltell-en "Ikusmen ahotsa" dokumentala proiektatu zen, Deltell berak aurkeztuta. Antolatzaileen esanetan, ikusleak zein arduradunak oso gustura atera ziren emanalditik.
Hurrengo jarduera apirilaren 3an izan zen: Ingo Niebel historialari alemanak "Gernikako Bonbardaketa: Historiografia alemana" hitzaldia eskaini zuen. "Ekitaldia galde-erantzunetan luzatu zen, entzuleek asko galdetu zuten eta. Gaiak benetako interesa piztu zuen", azaldu dute euskal-berlindar elkartetik. Apirilaren 8an, igandean, musika izan zen protagonista, Gasteizko Udaberria abesbatzak eman zuen kontzertuari esker.
[Ingo Niebel historialariaren hitzaldia (argazkia Helena Falabino)]
Aste honetako ekitaldiak
Ekitaldiek aste honetan eta hurrengoan ere jarraituko dute, 26a bitartean. Ostegun honetan bertan Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak hitzaldia emango du "Memoria Historikoa Euskal Herrian eta Espainian" gaiari buruz. Igandean bi dokumental eskainiko dituzte Haus der Demokratie und Menschenrechte aretoan: Alberto Rojoren "Gernika. Bonbardaketa" eta Oier Plaza eta Daniel Asuaren "Bizi naizen lekutik".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus