Rosario, Argentina. Izen eta emakidadun berriekin, Zazpirak Bat-en jatetxea lehian da berriro ere Rosarioko gastronomia eskaintzan. Orain ‘Gernika’ du izena, Bizkaiko herriaren omenez, baina baita ere Rosarion oso ezaguna den Gernika Plazatik gertu dagoelako. Emakidadun berriak Heldo Milatich eta Pablo Franchini dira, hiriko gastronomiaren esparruan ezagunak oso. Jatetxeko instalazioak berritu dituzte. Sukaldea prest jarri, baita ur eta gas instalazioak ere, aire sistema eta aretoko pintura. Eta sotoa berriztatu eta berreskuratu dute, bazkideek zein emakidadunek erabiltzeko.
Gernikak ordutegi zabala izango du. Asteartetik larunbatera egongo da zabalik, gosaria, bazkaria eta afaria zerbitzatuz. Igandeetan, gosaria eta bazkaria soilik. Etxeko errezetekin egindako betiko menuak eskainiko ditu, baina baita plater landuagoak ere, pintxo eta ogitartekoak ahaztu gabe, bazkaldu edo afaldu aurretik mokadutxo bat hartu nahi dutenentzat, baina batez ere euskal etxean jardueraren bat egiten duten bazkideentzat.
"Jatetxeak bete-betean funtzionatzearen aldeko apostua egin nahi dugu, zerbitzua emanez bazkideei eta baita oro har Rosarioko komunitateari ere", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Zazpirak Bat-eko lehendakari Guillermo Canut-ek. "Zazpi-rentzat, berriz ere ateak guztiz zabalik edukitzea bezala da, goizetik gauera eta jendearen etengabeko mugimendu hori berreskuratzea. Eta horrek, seguruenik, gure herriaren kultura gehiago eta hobeto erakusteko aukera emango digu, euskal etxeko bizitza aktiboarekin bat egin nahi duten jende gehiagorengana hurbiltzeko aukera”, esan du.
Hona Rosarioko Gernika jatetxearen datuak:
Hebidea: Entre Rios 261
Telefonoa: Tel: +54 341 7548508
IG restogernika
Twitter @RestoGernika