euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Inoiz ez berriro!: Argentinako Euskal Etxeak bateginik Egiaren eta Justiziaren aldeko Memoriaren Egunarekin

2024/03/27

Martxoaren 24an ikurrinak Laprida eta Buenos Aireseko kaleetara atera ziren Inoiz ez gehiago! aldarrikatzeko
Martxoaren 24an ikurrinak Laprida eta Buenos Aireseko kaleetara atera ziren Inoiz ez gehiago! aldarrikatzeko

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Argentinako hainbat euskal etxek 'Egia eta Justiziaren aldeko Memoriaren Egun Nazionala' ospatu zuten joan den igandean. Argentinako Gobernua 1976ko martxoaren 24tik 1983ko abenduaren 10era usurpatu zuen azken diktadura militarraren biktimak gogoratzeko eguna da martxoaren 24a. Gobernu argentinarraren atariak dioenez, "Historia hurbilari buruzko hausnarketa eta azterketa kritikoa" egiteko eguna. "Inoiz ez berriro" lelopean, martxoaren 24an hamaika ekitaldi eta mobilizazio egiten dira, aurtengoak bereziki jendetsuak izanik.

Lapridan, martxoaren 24an, oroimen ekitaldi ofiziala egin zen Gizataldeen Plazako Memoriaren Gunean, Udal gobernuak eta Irakaskuntza eta Teknika Heziketako Institutu 92 zenbakidunak antolatuta. Lagunen Etxeko lehendakari Eduardo Torryk eta Euskal Etxeko ordezkaritza batek, Argentinako bandera eta ikurrinarekin, parte hartu zuten ekitaldian udal-funtzionarioekin, zinegotzi eta kontseilariekin, hezkuntza-agintariekin, eskoletako eta kirol, kultura eta gizarte erakundeetako ordezkariekin eta diktaduratik bizirik atera zirenekin batera.

Buenos Airesen, Euskaltzaleak elkarteak manifestazioan parte hartzeko deia egin zien bere bazkide eta lagunei, eta euskaltzale talde batek bat egin zuen hiriko erdiguneko kaleak gainezka egin zituen giza marearekin, hitzaldi negazionistak gaitzesteko eta 30.000 desagertuei gorazarre egiteko ehunka mila lagunen manifestazio ikusgarrian.

Paranátik, Federico Borrás zuzendari duen Presencia Vasca irratsaioak, martxoaren 24ko, igande bereko emankizuna Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeko dantzari-taldeko zuzendari Jon Pirmin Arozarena eta Adriana Zorrilla 1977an desagertuak ekarri zituen gogora. Horretarako, Euskal Etxeko bazkide den Pedro Greavesen testigantza jaso zuen uhinetara.

 
Memoraren Eguna dela eta Euskal Etxeek sare sozialetan egin zituzten argitalpenetako batzuk

Horiez gain, euskal etxe gehiagok euren atxikimendua adierazi zuten sare sozialetan, irudiak eta testuak argitaratuz. Besteak beste, La Platako Euzko Etxeak, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-ek, Tandilgo Gure Etxeak, Rosarioko Zazpirak Batek eta Mar del Platako Denak Batek aldarrikapenarekin bat egin zuten eta Nunca más! (Inoiz ez gehiago!) exijitzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia