Bilbo, Bizkaia. Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia, ‘Gutun Zuria’, martxoaren 23tik 27ra bitartean egingo da, aurten hautatutako leloa "Hemen. Non guztiak biltzen dituen lekua" izanik, Koldo Izagirreren "Hemendik idazten dugu" poemaren bertsoan inspiratutakoa. Izen handiko kultur ekitaldiak nobedadeak ere badakartza edizio honetara, Euskal Herriko mugak gaindituko baititu lehendabizikoz, Kuban, Argentinan eta Marokon dauden hiru idazlek zuzenean parte hartuko dutela.
Hona nazioarteko partaidetzaren egitaraua:
-Gaur, martxoaren 24an, Habanatik (Kuba). Martica Minipunto goitizenarekin idazten duen Martha Luisa Hernandez Cadenas-ek ‘Escribir con la lengua’ hitzaldia eskainiko du. Hitzaldia link honetatik entzun ahal izango da, 21:30etan Bilboko ordutegian, 16:30etan Habanakoan.
-Bihar, martxoaren 25ean, La Platatik (Argentina). Damian Tabarovsky-k ‘El aquí como respuesta excéntrica’ hitzaldia eskainiko du. Link honetatik entzun ahal izango da, 17:30etan Bilboko ordutegian, 13:30etan La Platakoan.
-Bihar, martxoaren 25a, Casablancatik (Maroko), Salah Malouli-k ‘Gaurko Kultura Darijan’ hitzaldia emango du. Link honetatik entzun ahal izango da, 21:30etan Bilboko ordutegian, 21:30etan Casablancakoan.
Programa barruan egunotan egiten ari diren aurrez aurreko jarduerak Bilboko Azkuna Zentroan (Bilboko Alhondigan) ari dira egiten. Gogora dezagun ‘Gutun Zuria’ren iazko edizioa bertan behera utzi behar izan zutela antolatzaileek COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik.
Hala ere, eta iaz fisikoki egitea posible izan ez zen ediziorako prestatutako lanei leku eginez, liburu bat osatu da, aurten aurkeztu dena, parte hartu behar zuten idazleen testu argitaragabeekin.
Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiari buruzko informazio gehiago, hemen.