Mexikora egiten ari den bidaiaren lehendabiziko egunean, astelehenean, Iñigo Urkullu lehendakariak Mondragon-UCO unibertsitatea inauguratu zuen Queretaron. Mondragón Educación Internacional–MEI erakundeak eta Queretaroko Universidad Contemporánea delakoak elkarlanean abian jarri duten hezkuntza proiektu berria da hau, eta, Urkulluren esanetan, Euskadiren nazioartekotzean urrats garrantzitsu bat da. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko errektorea, Iosu Zabala; Euskadiren ordezkaria Mexikon, Ibon Mendibelzua; eta Mexikoko euskal komunitateko eta enpresa munduko hainbat kide.
Queretaro, Mexiko. Mexikora egiten ari den bidaia Queretaron hasi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, bertako Ciudad Maderas hirian dagoen Mondragon-UCO unibertsitatearen inaugurazioarekin. Ekitaldian Mexikoko euskal komunitateko kide eta enpresa munduko kide asko izan ziren, bertan kokatzen den aurreneko europar unibertsitea euskalduna izateaz harro. Lehendakariak Mondragon Unibertsitearen hezkuntza-ereduaren munduratzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta Mondragon eta UCOren arteko lankidetzak Basque Country marka munduan zabaltzeko bide berrien erakusgarri dela esan zuen. "Herri txikia gara eta kanpora irekitzea gure izaeraren eta historiaren parte da", esan zuen Urkulluk.
Era berean, lehendakariak Mondragon hezkuntza-eredua goraipatu egin zuen, enpresa eta unibertsitatearen arteko harreman estuan oinarritua dela esanez eta pertsonen trebakuntza praktikoari ematen dion garrantzia azpimarratuz, gero lan munduan sarbidea errazteko.
Kanpusean errotulazioa euskaraz
Mondragon-UCO unibertsitateak nazioarteko ikasgaiak eskaintzen ditu, era presentzialean eta baita on-line ere, eta Mondragon Unibertsitatearekin eta beste unibertsitate batzuekin ikasle-trukeak egiteko aukera eskaintzen du. Horrez gain, ikasleek enpresetan bi urtez trebatzeko aukera izango dute edo, hala nahi izanez gero, ikasten ari diren bitartean euren enpresa sortzeko aukera. Bestalde, kuriositate gisa, aipatu Queretaroko kanpusean kartelen errotulazioa hirueletan dagoela: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Unibertsiteak 500 ikasle ditu dagoeneko eta 2019an 4.000 inguru izango direla aurreikusi dute arduradunek.
Peña Nieto presidentearekin
Bidaiarekin jarraituz, atzo Lehendakaria Mexico Business Summit 2014 topaketan izan zen eta bertan Mexikoko presidente Enrique Peña Nieto agurtzeko aukera izan zuen. Topaketa hau Mexikoko enpresa arloko foro nagusia da. Bertan, bi agintariek solasaldia izateko aukera izan zuten. Presidenteaz gain, lehendakaria hainbat ordezkarirekin partekatu zuen mahai presidentziala, besteak beste, Queretaro, Jalisco eta Morelos gobernadoreak, Mexikoko Kanpo Harremanetarako Idazkari den Meade, Poloniako presidente izandako Lech Walesa edota Portugalgo Idazkari Nagusiordea den Paulo Portas.