Vitoria-Gasteiz. Hogei gazteak, Argentina (16), Estatu Batuak (1), Kolonbia (1), Txile (1) eta Uruguaitik (1) etorriak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez Aranburu lagun zutela, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu ziren atzo Gasteizen, Ajuria-Enean. Gogora dezagun, 18 eta 35 urteko gazteei zuzendutako programa honetan 13 neska eta 7 mutil ari direla parte hartzen joan den igande 13tik abenduaren 20a bitartean, askok, euren euskal etxeetan buru-belarri sartuta badaude ere, honakoa lehenengo bidaia dutela Euskal Herrira.
Urkullu Gaztemundu 2022ko kideak errezibitzen Lehendakaritzan
Gogora dezagun, beste hainbat ekimeni bezala, Covidaren pandemiak eragin egin diela azken bi urteotako Gaztemunduren edizioei, bertan behera uztera behartuz, eta beraz gogo bereziki biziz berreskuratu dela aurten programa; izan ere Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra urtea denean ezezik, gehienetan irailean egiten bada ere, aurtengo edizioa ez galdu nahi izan, urte amaieran gauzatu egin behar izan bada ere.
Gasteiz oinarri hartuta, gazteak Euskal Herri osoko parajeak ari dira bisitatzen, besteak beste museoak, instituzio, teknologiagune, eraikin eta kulturalekuak, programa estu bat segituz. EuskalKultura.eus-ek euretako batzuekin hitz egiteko aukera izan zuen atzo Pasaiako Albaola faktorian, Gasteizen Urkullu lehendakariarekin bildu ondoren, Donostian harrera-ekitaldia izan baitzuten Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eguna euskal itsaslarien eta haien Ternuarako osteren berri eskuratzen amaitu baitzuten Pasaian, Petritegi sagardotegian afaldu eta Gasteiza itzuli aurretik.
Atzoko irudiak: bisita Legebiltzarrera, bertako legebiltzarburu Bakartxo Tejeria gidari
Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakariarekin
Arratsaldez Markel Olano diputatu nagusiak errezibitu zituen Gipuzkoako Foru Aldundian
Pasaiako Albaola faktorian, bertan eraikitzen ari diren San Juan ontziaren erreplikaren aurrean
Astigarragako Petritegi sagardotegian, Ternuarako ontzien eta sagardoaren arteko loturen berri eskuratzen
Estatu Batuetako Salt Lake Citykoa den Jean-Jules Flesher-en kasuan, harrituta hainbat gauza berri eta Euskal Herriko hainbat alde eta ezaugarri berri ari dela ikusten eta ikasten adierazi zigun, eta lehenengo lerrotik gainera, doazen leku guztietan aditu eta jakintsuen eskutik azaltzen baitizkiete gauzak. Pribilejiatua sentitzen da partaide izateagatik eta aukera paregabea izaten ari dela, jakinarazi zigun..
Mar del Platako Valentina Cartasegna ere bere hitzei bete-beteko entusiasmoa zeriela mintzatu zitzaigun, bere esker ona eta ikusten eta ikasten ari dena itzela dela esanez, eta halaxe adierazi ziola Urkullu berari atzo bertan berarekin biltzeko aukera izan zuenean. Bozkario partekatua, esaterako, Necocheako Graciana Iribarne eta Macachingo Iosu Pacharekin, euren euskal etxeetan euskal gauza eta ekimenez inguratuta bizi badira ere, ados egon ziren esaterakoan bidaia hau, oraindik lehenengo astean badaude ere, begi zabalgarria eta esperientzia ahaztezina izango zaiela.