Vitoria-Gasteiz. Halaxe iragarri zuen atzo Lehendakariak bera buru duen Kanpoan diren Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen bileran. Urkulluk nabarmendu zuen aurtengo Batzarra aukera bat izango dela diaspora berriaren eta tradizionalaren elkar ezagutza eta uztartzerako, euren aurrerabidea eta Euskal Herriarena ere laguntzeko eta bultzatzeko bidean. Eusko Jaurlaritza antolatzaile lau urtero egiten diren mundu-batzar hauetako azkena Gasteizen egin zen 2015ean, 'Diasporizatu' lelopean.
Iñigo Urkullu Lehendakariaren ezker-eskuin, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eseri ziren atzo Gasteizen egindako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen bileran. Legeak dio gutxienez urtean behin bildu behar duen organoa dela Aholku Batzorde hau eta, 2019 Mundu-Batzar urtea denez, bereziki gogor lan egiteko urtea izango du Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak, eta horregatik urteko lehenengo bilera hau Mundu-Kongresuaren data eta aurreneko xehetasunak iragarri eta duen garrantzia eman nahi izan zion atzo Urkullu lehendakariak bere ekipokideekin egindako elkarretaratze eta iragarpenean.
(Eusko Jaurlaritzako prentsa zerbitzuak atzoko bileraren ostean plazaratutako bideoa)
Gogoratu Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarra nazioartean euskal etxeren bat daukaten herrialdeetako ordezkariekin egiten dela lau urtean behin, orain arte beti Euskal Herrian, eta Diasporaren mundu tradizionala aldaketa garai batean ari dela, azken urteotan emigrazio mota berriak sortu eta garatzen ari baitira gure artean eta munduan, gero eta globalizatuagoa den testuinguru orokor batean. Emigrazio mota berriei eta hortik ateratzen den panorama berriari soluzio egokiak ematea, historikoki euskal diaspora izan denarenari arreta maila jaitsi gabe, eta bien uztarketatik ateratzen den euskal diaspora berriarekiko planteamendu eta politika ahalik eta eraginkorrenak bideratzea da Eusko Jaurlaritza azken urteotan bere buruari erronka gisa planteatu dion apustua, datorren Mundu-Batzarrean hizpide eta aztergai izango dena.
Atzoko bilera irekitzeko diskurtsoan, Lehendakariak euskal diasporaren eta Euskadi Basque Country nazioarteko bokazioaren balioa nabarmendu zuen. Euskal diasporaren errealitatea azken urteotan aldatu egin dela, esan zuen, eta emigratzen duten pertsonen profila desberdina dela. “Hori da mundu globalak diaspora tradizionalaren eta berriaren arteko elkarbizitzari dakarkion erronka”, azaldu zuen. Hori horrela, hauxe gehitu zuen: “Mundu Kongresua aukera ona da Euskal Komunitate Globalaren ideian aurrera egin eta hura eratzeko, kanpoan euskal komunitate osoa hartzeko gai izango den horretan”. Diskurtsoan, Lehendakariak kanpoan euskal komunitatearekin lan egiteko orduan “sareak” sortzeko kontzeptua nabarmendu zuen.
Gogoratu Aholku Batzordean, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko ordezkariez gain, Gobernuko beste sail batzuk daudela ordezkatuta, baita Eusko Legebiltzarra, foru-aldundiak, EHU edo Euskaltzaindia ere, besteak beste, bai eta munduan banatuta dauden euskal etxeetako hiru ordezkari ere, azken hauek, izan ere, lau urtero Mundu-Batzarrak hautatu edo berresten dituenak, munduko euskal etxe eta komunitateen ordezkari.