Bilera atzo arratsaldez egin zen Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzan. Iñigo Urkullu lehendakaria buru, partaide izan ziren Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria, Patronatuko beste zenbait kideen artean bertan zeudela Marian Elorza, Patxi Baztarrika, Josean Muñoz, Lorea Bilbao, Koldo Martinez, Xabi Paya eta Felipe Juaristi, besteak beste.
Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzatik aditzera eman dutenez, Patronatuak urteko kontuak onartu zituen, 2016ko eta 2017ko lan-ildo nagusiei buruzko gogoeta zabalduz. Era berean, Etxepare Institutuaren euskarako zuzendariaren lanpostua lehiaketa publikora ateratzea erabaki zuen Patronatuak. Plaza hori bete gabe zegoen orain arte, eta laster egingo da horren deialdia.
Iñigo Urkullu lehendakariak Institutuaren helburua nabarmendu nahi izan zuen Patronatuko kideen aurrean: “Etxeparek gure hizkuntzaren eta kulturaren enbaxadorea izan behar du, eta, euskara ez ezik, gure artisten lana ere sustatu behar du. Mundu osoan piztu behar du gure kulturaren aldeko interesa”, esan zuen.
Lehendakariak jarraitu zuen adieraziz marka sendoa eta finkatua sustatzen jarraitu behar dela elkarlanean oinarrituta: “Euskadi-Basque Country da gure Herriaren internazionalizaziorako bidea. Pertsonalitate historikoen bideari jarraipena eman behar diogu, hala nola Juan Sebastian Elkanoren bideari, hau da, munduari lehen aldiz bira eman zionaren bideari”.
Urkulluren iritziz, “behar-beharrezkoa da Etxepare Institutuak jarrera eta balio horiekin lan egitea, esfortzua eta konpromisoa buruan. Mundu global honetan, gure espazioa eta nazioarteko aitorpena lortu behar dugu”.