Palma Mallorcakoa, Espainia. Mallorcako Artea Euskal Etxeak maiatzean antolatutako ekimenetakoa da gizateria arrisku larrian jartzen ari den ingurumenaren egungo egoera larria hizpide sustatzearren Andoni Aretxabala eta Antonio Turiel filosofoei luzatutako gonbitea, gaiari buruzko euren hiru liburu —';Sense energia', 'El otoño vital' y 'Petrocalipsis'— aurkeztu eta gaiaz solasa eta gogoeta laguntzearren. Lehenengo hitzordua maiatzaren 15ean, astelehenez, egin zen, Les Illes Balears Unibertsitateko Zuzenbide Departamentuan, partaideen artean unibertsitateko Ingurumena Babesteko Batzordeko kide ezagunak zeudela.
Andoni Aretxabalak eta Antonio Turielek Mallorcan parte hartutako saioetako irudiak
Bigarren saioa 15ean bertan gauzatu zen baina iluntzean, 19:30etan. Aurkezpen bat izan zen, Palmako Lluna de Palma liburudendan arrakasta handiz pasatua. "Jendez erabat mukuru zegoen", adierazi dio Artea Euskal Etxetik Aingeru Merlok EuskalKultura.eus-i. "Izan ere, jendea kanpoan geratu zen eta batzuk hitzaldia onlione segitu behar izan zuten". Ekitaldia zuzenean eskaini zen Instagramez, eta bideoa bertan geratu zen interesatuek nahierara ikusi edo zuzenean ikusitakoek bigarrenez ikusi nahi izatekotan.
Biharamunean bi gonbidatuak Artá-ko institutu batera joan ziren, eta arratsaldez Udal Antzokira, eta bertan partaide izan ziren berriz ere, lagun zeuzkatela udaleko ordezkariak eta Mallorcako talde ekologistetako kideak.