euskal diaspora eta kultura
2013/12/12
PUBLIZITATEA
Gral. Las Heras, Argentina.Jai giroan eta lagun artean Euskal Herriko ohitura eta tradizioak gailentzea du helburu Gral. Las Heraseko Euskal Asteak eta aurtengo hirugarren edizioak ere ondo baino hobeto bete du xede hori. Partaidetza handiarekin --Las Herasko herritarrak ez ezik, Cañuelasko Denak Bat, San Miguelgo Askatasunaren Bidea eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak instituzioetako lagunak ere bertaratu ziren-- gauzatu zen jaialdia. Programak, gainera, mota askotako ekintzak batu ditu, beti ere Herri Kirolak nagusi. Ekitaldiak azaroaren 23an hasi ziren eta abenduaren 1ean bukatu, azken agur bazkariarekin. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, aste osoko jaiaren argazki erreportajea.
[Jaiaren lehenengo eguna Platerari Tiratze III. Txapelketarekin hasi zen, azaroaren 23an. 22 tiratzailek hartu zuten parte lehiaketan eta irabazleak Juan Otermin (I. postuan), Daniel Elizalde (2.ean) eta Pedro Castiglione (3.ean) izan ziren. Txapelketa bukatuta, etxeko txistor batzuk partekatu zituzten lagunek euskal etxeko taberna izango den lekuan (argazkia EE)]
Azaroaren 25etik 30era Pilota Txapelketa burutu zen Gral. Las Heraseko Los Robles Kultur eta Kirol Gunean. Lehiaketa etxeko lagun eta laguntzaile den Mario Gutierrezen ardurapean burutu zen, honako modalitate hauekin: 30 metroko pilotalekua, eta gomazko pilota. Irabazle, Facundo Dominguez Vazquezek eta Carlos Gonzalezek osatutako bikotea geratu zen, lehenengo sariarekin, eta Francisco Oterminek eta Juan Pablo Funesek osatutakoa, bigarrenarekin.
Askorentzat Musa ere kirola denez, ezin zen jai honetatik kanpo geratu eta azaroaren 26an Mus Txapelketa gauzatu zen Gral. Las Herasen, herriko Euskal Taberna izango den egoitzan. Partidak amaitzean, afaria eskaini zitzaien muslariei. Alejandro De Vicondoa eta Roberto Tagliaferro izan ziren irabazle. Jose Garmendia eta Oscar Mazza, berriz, bigarren lekuan geratu ziren.
[Azaroaren 30ean heldu zen Sega Txapelketaren txanda. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “oso ona izan da segalarien taldea, kalitatez zein kopuruz,. Irabazlea herriko emakume gazte bat izan zen baina 86 urteko euskaldun batek ere hartu zuen parte eta duintasun handiko 3. postua bereganatu zen". "Dudarik gabe, sega, jaiaren datozen edizioetan ere sartuko dugu”. Irabazleen taula horrela geratu zen: Maria Fransechini, Ramon Garmendia eta Jose Antonio Amorena (argazkiaEE)]
[Jaiaren azken egunean, ekintza nagusiak burutu ziren Villamayor etorbidean, Euskal taberna berriaren parean. Bertan, Aizkolari eta Trontzalari Txapelketak ezohiko ikuskizun bihurtu ziren herritarrentzat (argazkiaEE)]
[Beroak ez zituen aizkolariak kikildu --32 gradu inguru egin zituen igande goizean-- eta gogor eta gogoz eman zioten gizonek egurrari. Irabazleak, Walter Echegaray (1. Postuan), Walter Cincunegui (2.ean) eta Carlos Langan (3.ean) izan ziren (argazkiaEE)]
[Gral. Las Heraseko Euskal Taberna aurrean Trontzalari Txapelketa egiteko tresnak prest, igande eguerdian. Euskal etxeko kideak eta publiko orokorra bertaratuko zen kirolariak animatzera (argazkiaEE)]
[Adin guztietako lagunek hartu zuten parte txapelketa honetan. Partaide guztiekin bi txanda egin ziren, emaitza hauekin: 1. postuan, Luis Alberto Echegaray eta Jorge Ignacio Apaolaza; 2. postuan, Ramon Garmendia eta Correa; eta 3. postuan, Ramon Garmendia eta Avelino Avagnina (argazkiaEE)]
[Herri kirolekin amaitzeko, Sokatira egin zuten euskal etxeko lagunek, bisitari eta herritarrekin batera. Ekintza, lehiaketa baino gehiago, ondo pasatzeko momentu goxoa bilakatu zen (argazkiaEE)]
[Bazkaria hasteko momentuan, Luciano Cappellari apaizak bedeinkazioa eman zuen. Bazkalostean, General Las Heraseko ‘Iturri Zaharreko Ur Berria’ dantza taldeak Euskal Herriko dantza batzuk aurkeztu zituen. Aipatzekoa da Cañuelaseko gazteek bat egin zutela Gral. Las Herasekoekin hainbat koreografiatan (argazkiaEE)]
[Eta euskal erakundeen etorkizuna bere gazte eta gaztetxoak baldin badira, Gral. Las Heraskoak ez dauka kezkatzeko motiborik. Eta horrela, txikien indar eta dantzekin, 2013ari agur esan zioten Lasherastarrek. Zorionak! (argazkiaEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus