euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Ingura' jaio da, euskara nonahi zaudela ikasteko plataforma berria: sartu eta oraintxe bertan proba dezakezu

2024/03/27

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Globalizazioarekin euskara toki urrunenetara iritsi da eta segitzen du iristen. Egia da, ordea, distantzia eta baliabide eza oztopo bihur daitezkeela ikasteko prozesuan. Diasporan oso ezagunak diren zailtasun horiek gainditzeko, Eusko Jaurlaritzako HABE institutuak (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) Ingura izeneko plataforma digitala plazaratu du. Ikas-plataforma honen bitartez, "edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi izango da posible euskara ikastea era eroso eta malgu batean", iragartzen dute sortzaileek.

Teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak baliatuz, eskaintzen diren ikastaroek bi atal izango dituzte, bata irekia (jarduteko, izena-ematearekin nahikoa) eta bigarren bat, matrikulazio apal bat eskatzen duena (“ia ia doakoa”, azaltzen du HABEk). “Ideia da herritarrak euskararen mundura hurbiltzea eta ‘erabiltzaile’ izatetik ‘ikasle’ izatera animatzea, euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu eta partehartzailera erakarriz”, adierazi dute.

Nola eman izena

Inguraren doako bertsioan izena emateko www.inguraonline.eus estekan sartzea baino ez da behar. Aplikazioa ere jaitsi daiteke telefonora edo tablet batera eta izena emateko prozesua berdina da. Izena eman eta gero, saioa hasi, unitatea aukeratu eta lanean has daiteke ikaslea. Ingura ingurune eleaniztuna da eta lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez (hrretarako azpitutuluak aktibatu behar dira bideoetan) eta A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskainiko ditu modu progresiboan. Momentu honetan A1 mailako ikastaroa eskaintzen du eta doako bertsioan. 


[Izena emateko pantaila. Erabiltzailea eta pasahitza sortu behar dira]

Unitate bakoitzaren ibilbidea

Unitate bakoitzaren abiapuntua egoera-bideo bat da. Bertan egunerokotasunean ohikoa den egoera komunikatibo eta hurbila eskainiko da, ahoskera, erritmo eta hizkuntza erreala eta naturala erabiliz. Bideoaren hizkuntza, gaia eta gertaera komunikatiboa behatu eta landuko dira unitatean zehar. Ikasleek hasierako momentutik izango dute hitz egiteko eta idazteko aukera. Azalpen-bideo bat ere egongo da eta bertan irakasleak unitateko edukiak azaldu eta adibide gehiago eskainiko ditu. Autozuzenketa ariketen atalean, gramatika, hiztegia, hizkuntza eta kultur edukien jarduerak daude eskuragai. Gogora dezagun bi atal izango dituela, bata irekia (izena-ematearekin nahikoa erabiltzeko) eta bestea matrikulapekoa (ia doakoa).


[Behin barruan, A1eko unitatea aukeratu behar da. Argakiaren kasuan 1. unitatean sartu gara; urdinez dauden baliabideak eskuragai daude; laranjaz daudenak oraindik ez. Behin baliabidea aukeratuta, adibidez, bideoa, egoera-bideoa ikusteko aukera izango dugu. Hiru puntuetan klik eginez, azpitituluak jartzeko aukera izango dugu]

Ingurari buruz

Boga plataforma ordezkatzera datorren Ingura , Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren ildo metodologikoei jarraikiz diseinatu da, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta eta ekintzara bideratuta. Erabiltzaileak, dagokion euskara mailako komunikagaitasuna lortzeko, taldean nahiz bakarka, ulermen trebetasunak, ekoizleak, elkarreragina eta bitartekotza jarduerak eta estrategiak lantzea du helburu.

A1 mailako ikastaro osoa (matrikulapekoa barne) egiteko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu beharko du ikasleak. Bertsio honetan ikasleak bakarka egiteko jarduera mota ugari izateaz gain, irakasle batek gidatuta gela birtualean talde-jardueretan arituko da, berrikusketa-jarduerak nahiz ebaluazio-jarduerak egingo ditu, ekoizpenak biltegiratu eta txostenak kudeatzeko aukera izango du, besteak beste.

Animatzen edo informazioa, erabil dezakeen norbaiti pasatzen? Sartu eta probatu nahi? www.inguraonline.eus.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia