euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ingalaterrako Eastleigh herriak 'gerrako haurrak' hartu zitueneko 70. urteak ospatuko ditu hainbat ekitaldirekin

2007/07/30

Eastleigh-en (Ingalaterra) datorren urrian egingo den gogoratze asteko afitxaren irudia
Eastleigh-en (Ingalaterra) datorren urrian egingo den gogoratze asteko afitxaren irudia

PUBLIZITATEA

Duela 70 urte 36ko gudako bonbardaketetatik ihesi 4.000 euskal haur heldu ziren Ingalaterrako hegoaldean dagoen Eastleigh herrira. Ezer gutxi zekarten eta herri txiki honetako bizilagunak buru belarri aritu ziren laguntzen euren egonaldia ahalik eta atseginen izan zedin. Orain, Eastleigh-ek esperientzia hura gogoraraziko du datorren urrian egingo den kultur aste batekin. Ingalaterra eta Euskal Herriko artista, musikari eta dantzariak arituko dira bertan, horien artean Kukai dantza taldea eta Tanttaka, '1937' antzezlanarekin.
36ko gudan milaka haurrek ihes egin behar izan zuten Euskal Herritik gurasorik gabe ebakuaturik, besteak beste Mexiko edota Errusia bezalako herrialde urrunetara bidaiatuz. Horietatik lau mila bat La Habana izeneko untzian atera zituzten Euskal Herritik eta Ingalaterrako Southampton portura helarazi. Gerrako haur hauek familia eta lagunak utzi behar izan zituzten eta zeramaten arropa eta aldean euren izena azaltzen zuen kartoia baino ez zeukatela iritsi ziren Bretainia Handira.

Ingalaterrara iristean hainbeste haur gordetzeko lekua topatzea, arazo bihurtu zen agintarientzat baina herritarrek kanpaina bati ekin eta euren kasa laguntza ematen hasi ziren eskuzabal. Eastleigh-eko baserritar batek zelai sail oso bat utzi zuen kanpamentu moduko bat bertan ezar zezaten eta jo eta su aritu ziren lanean herriko boluntarioak, gerrako haurrak hartuko zituen kanpalekua egiten. 1937ko udan zehar hartu eta zaindu zituzten bertan haurrak, beste etxe eta familietara eraman zituzten bitartean. Guda bukatzean batzuk ez zuten nora bueltatu eta Ingalaterran gelditu ziren, bi herrien arteko harremanak betirako estutuz.

Astebeteko ekitaldia egitaraua

Aurten gertakarion 70. urteurrena dela eta Eastleigheko Udaleko Arte eta Kultura sailak astebeteko kultur ekitaldi sorta prestatu du urriaren 8rako. Ekitaldiotan aztertuko diren ardatzak honokoak izango dira: gudaren eragina, immigrazioa eta haur errefuxiatuen bizipenak. Antzezpenen artean ‘Javier, Maria eta Ni’, obra aurkeztuko dute, hitzordu honetarako propio idatzia eta prestatua. Antzezlana herriko eskoletan eskainiko da lehenik, Eastleigheko Antzokian egingo den estreinaldi ofizialaren aurretik.

Bi herrialdetako dantzari taldeak ere ikuskizun berri bat ari dira sortzen eta Kukai-Tanttakaren '1937' antzezlanarekin batera aurkeztuko dute. Ingalaterran lehen aldiz izango da ikusgai euskal dantzarien lan hau. Easteleighera bertaratzen direnek BBCak eginiko 'Gernikako haurrak' dokumentala ere ikusi ahal izango dute.

Ekitaldietan parte hartuko duten agintari eta politikarien artean Michael Portillo, Londreseko gobernuko ministro ohia egongo da, gerrako haur baten semea berau. Erakusketak eta mintzaldiak ere egingo dituzte. Ekitaldietarako sarreran erosi nahi izanez gero hona jo daiteke edo +4423 8065 2333 telefonora deitu.


Lotura interesgarriak

Eastleigh ekitaldiei buruzko informazio gehiago
www.thepoint-online.co.uk

Kukai Dantza Konpainia
www.kukai.info


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia