euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ingalaterrako Basque Children of '37 elkarteak Gudaren Umeak omenduko ditu larunbatean Southamptonen

2007/05/22

Basque Children of 37 elkarteko argazki bildumako irudi bat
Basque Children of 37 elkarteko argazki bildumako irudi bat

PUBLIZITATEA

Omenaldia egingo diete larunbatean Ingalaterrako Southampton hirian 1937ko gudan bertara babes bila heldu ziren ia 400 umeei eta abegikor hartu zituzten familiei. Basque Children of 37 elkarte ingelesak antolatu du ekitaldia. Elkarte hau Ingalaterran gelditu ziren umeak eta euren seme-alaba eta ondorengoek osatzen dute. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Miren Azkarate Kultura sailburua izango da eta baita Euskal Herrira itzuli ziren haur haietariko batzuk ere. Azken hauek gaur bertan aterako dira Ingalaterra aldera ferrian Bilbotik, bi eguneko itsas bidaian duela 70 urte eginiko bidea berregiteko asmoz.
Asociación Evacuados de la Guerra Civil elkarteko 16 kidek gaur bertan hartuko dute Santurtzin ferria eta bidaia egingo dute Ingalaterrara, duela 70 urte Habana untzian eginiko itsasbidaia gogoratuz. Orduan 4.000 bat haur izan ziren Euskal Herria jasaten ari zen bonbardaketetatik ihesi Ingalaterrara bidaia egin zutenak. Gaurko espedizioan abentura hura bizi izan zuten haur haietariko bost izango dira, oraingoan bai, euren familia eta lagunekin batera.

'Bidaia oso interesgarria izango da doaike', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Vicente Cañadas elkarteko kideak, 1937ko egun haiek gogora ekarriz. 'Oso harrera ona egin ziguten, ez hainbeste Gobernuaren aldetik, baina bai ordea herritarrek'. 1937ko maiatzaren 23an Habana untzian Ingalaterrara heldu zen ume taldea hark gaurdaino Erresuma Batuaren historian sekula izan den errefuxiatu sartze handiena izaten dirau. Egun batzuk lehenago Hitlerren Condor legioak Gernika sutan birrindu zuen eta bonbardaketaren berria irletara heldu zenean samina eta haserrea sortu zuen ingelesengan. Bolondres taldeak sortu ziren errefuxiatuei lekua bilatu eta zaintzeko prest eta gobernua Gudako Haurren sarrera onartzera behartu zuten.

Errefuxiatuen seme-alabak

Basque Children of 37 elkarteak antolatu duen ekitaldian Cañadas eta bere kideek Ingalaterran gelditu eta euren bizia bertan eraiki zuten lagunak ikusi ahal izango dituzte. Izan ere Basque Children of 37eko kide asko ume horien seme-alabak edota bilobak dira. Manuel Moreno, elkarteko lehendakaria, adibidez, gudako ume horietako baten semea da: Salomé Oyarbide muskiztarra Habana untzian heldu zen Ingalaterrara. Bertan ezagutu zuen bere senarra, errepublikano madrildarra. 'Askotan saiatu ziren bueltatzen, izkutuan, biak Alderdi Komunistako kide oso aktiboak zirelako, baina ezin izan zuten', kontatzen du Manuelek.

Duela hamar urte Manuelek eta bere anaia Juanek Gudako Umeen esperientziari buruzko webgunea sortu zuten. Bertan informazio historikoa, haurren datuak, argazkiak eta beste dokumentuak biltzen zituzten. 'Webguneak interes handia sortu zuen eta jende asko jarri zen gurekin harremanetan informazioa lortzeko, euren gurasoak haur errefuxiatuak izan zirelako... Hori ikusita, elkartea sortzea erabaki genuen. Gaiaren inguruko mintzaldiak ematen ditugu, liburuak argitaratu, agiriak berreskuratu eta aspaldion hemen gelditu ziren haur batzuk ere aurkitu ditugu, urte guzti hauetan euren istoriari buruz ezer gutxi zekitenak'.

Haurrei eta hartu zituztenei omenaldia

Larunbat honetako ekimena omenaldia izango da duela 70 urte bidaia hori egin behar izan zuten umeei eta Ingalaterran abegikor hartu eta zaindu zituztenei eskainia. Ekitaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira Southamptoneko Solent Unibertsitatean. Antolatzaileek aipatu dutenez 300 pertsona inguru bilduko dira eta leku guztiak hartuta daude aldez aurretik. Omenaldian Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izango da eta baita Ingalaterra eta Euskal Herriko gudako umeak eta euren familiak ere, seguruenik emozio handiak bustiko duen elkarretaratzean.


Lotura interesgarriak

Basque Children of 37
www.basquechildren.org

'37ko euskal umeak'
BbCko artikulua bat


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia