euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko Euskaldunak elkarteak gogotsu ekin dio ikasturte berriari, euskara, dantza, mus eta, aurki, arraunketa klaseekin

2013/10/11

Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko kideak Saint Laurent ibaian Indianoak espedizioko traineruarekin arraunketa saioa egiten (argazkia QuebecEE)
Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko kideak Saint Laurent ibaian Indianoak espedizioko traineruarekin arraunketa saioa egiten (argazkia QuebecEE)

PUBLIZITATEA

Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeak ikasturtea hasi zuen irailaren hondarrean, eta gogo biziz hartu dituzte bazkideek euskara, dantza eta mus ikastaroak, besteak beste. Horiekin guztiekin batera, ikastaro berri bat izango dute aurten quebectar euskaldunek; izan ere, arraunketa klaseak abiatuko dituzte, Indianoak espedizioko kideek elkarteari oparitu zioten traineruarekin. Horrez gain, aste honetan New York-en izango da Quebec-eko euskaldun talde bat, New Yorkeko Euskal Etxearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartzeko.

Montreal, Québec. Euskaldunak, Quebec-eko euskal etxeak, jarduerei ekin die berriz, irailarekin batera, eta aurten eskainiko dituzten ikastaroen berri eman du. Euskara eskoletan aurrerapauso handia egin du elkarteak, eta hasi berria den ikasturtean bost irakasle izango ditu. Horrez gain, dantza eta mus ikastaroak ere hasi ditu. Halaber, euskal etxeak ikasturtean zehar hainbat egitasmo burutzeko asmoa agertu du: euskal kulturari buruzko hitzaldiak, ospakizun tradizionalak...

Bestalde, aste honetan elkarteko ordezkaritza bat New Yorken izango da, hiri estatubatuarreko euskal etxearen Mendeurreneko ospakizunetan parte hartzeko. "Horrek bide emango digu, batetik, euskal festetako giroan buru belarri sartzeko, eta, bestetik, Estatu Batuetako ekialdeko euskal etxeekin loturak estutzeko", agertu dute euskal etxeko iturriek.

Traineruarekin arraunketan

Edonola ere, uda ere zinez bizia izan da elkartean. Ekainean Indianoak espedizioaren traineruak Saint Laurent ibaian gora egin zuen, Ile aux Basque-etik Trois Pistoles-era; 500 km 12 etapatan. Euskal etxeak parte hartu zuen bidaian, ibilbideko herrietan euskal kultura ezagutzera emateko asmoz. Arratsaldero, etapetako bakoitzaren ostean, euskaldunak eta bertaratutako quebectarrak elkartu egin ziren, eta kultura bateko eta besteko festak eta janariak izan zituzten gozagarri; izan ere, bidaldi horretan, baziren abeslariak eta sukaldariak.

Indianoak Quebec 2013 2

[Etapa osteko festa batean, Indianoak espedizioko kideak kantari (argazkia QuebecEE)]

Bidaia burutu ostean, Indianoak espedizioko kideek trainerua Euskaldunak elkarteari opari eman zioten. "Udan, Euskaldunak-ek zenbait irteera antolatu ahal izan ditu traineruarekin Saint Laurent ibaian ibiltzeko. Arraunlariak hasiberriak ziren, baina ausartak. Udaberrian, arraunean ibiltzeko entrenamendu-saio bat antolatuko dugu", azaldu du elkarteak.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia