euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Indarkeriaren aurkako hitzekin gogoratu da Gernikako Bonbardaketa Mar del Plata, Rosario eta Arrecifesen

2011/05/05

Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideek San Martin Plazan ospatu zuten Gernikako Bonbardaketaren 74. urtemuga (argazkia EE)
Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideek San Martin Plazan ospatu zuten Gernikako Bonbardaketaren 74. urtemuga (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

“1937ko apirilaren 26an eta Espainiako Gerraren testuinguruan hegazkin alemaniarrek Gernika herrixka bonbardatu zuten. Zibilen kontrako lehenengo erasoa izan zena, gertaera gogoangarrienetako bat bihurtu zen mendebaldeko herrialdeentzat. Hori dela eta 74. urtemuga honetan aipamen berezi bat merezi du Gernikako Bonbardaketak”. Hitz hauekin gonbidatu zuten Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideek bertako komunitatea San Martin plazan burutu zen zeremonian parte hartzera. Izpiritu berarekin bildu ziren Euskaldunak Denak Bat eta Zazpirak Bat-eko lagunak Gernikako kimuaren ondoan data goibel hau gogorazteko.

Mar del Plata, Argentina. Bonbardaketaren biktimei omenaldia egiteko eta gizarteari bakearen aldeko mezu bat luzatzeko helburuarekin elkartu ziren Mar del Platako euskaldunak hiriko San Martin plazan joan den apirilaren 26an, eguerdi aldera. Argentinako banderaren eta ikurriñaren aurrean euskal etxeko lehendakari Jose Martin Azarlozak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari eta ondoren lore sorta utzi zen Bizkaiko herriaren ikurra den haritzaren oinarrian. Txistuaren laguntzaz, Iparragirreren “Gernikako Arbola” kantaren bertsoak abestu zituzten plazara hurbildu zirenek. Ekitaldi berezi hau arratsaldean bukatu zen, euskal etxeko Jose Ariztimuño liburutegian, “Gernikako Bonbardaketa” dokumentalaren proiekzioarekin.

Argentinako herri askotan ikus daitezke Gernikako Arbolaren kimuak. Arrecifesen Mitre plazan dago landatuta eta han bertan bildu ziren Euskaldunak Denak Bat-eko ordezkariak Bonbardaketaren 74. urtemuga oroitzeko. Apirilaren 26an eta arratsaldeko 4:15etan, Marta Abarrategui FEVAko ordezkari aketa Juan L. Agotegaray Euskal Etxeko Batzordeko kideak erasoaren xehetasun eta ondorioak konpartitu zituzten publikoarekin. Arrecifesen ere Iparragirreren abestia kantatu zen zeremoniari amaiera emateko.

Gernika Bonbardaketa Arrecifesen 2011 01

[Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kideak Mitre Plazan (argazkia EE)]

Egun berean baina Rosario hirian, Parana ibaiaren aurrean dagoen Gernika plazan ospatu zuten bertako Zazpirak Bat Euskal Etxeko kideek Bonbardaketaren urtemuga. Etxeko Batzordeko agintariek eta bertako Emakume Abertzale Batzako ordezkariek lore sorta utzi zuten Gernikako Arbolaren kimuarenaurrean. Bukatzeko, Gaztedi Zutik taldeko dantzari batek ohorezko Aurreskua dantzatu eta Enrique Otaño euskal etxeko lehendakariak hitz batzuk luzatu zituen efemeridea zela eta.

Gernikako Bonbardaketa Rosarion 2011 02

[Rosarioko euskaldunek ere gogoratu zuten Gernikako Bonbardaketa (argazkia EE)]

Aipatzekoa da apirilaren 26an --Rosarioko FM Latinan, 94,5 frekuentzian, eta Radio Libertad-en, AM 1.100 frekuentzian-- aireratzen den “Euskaldun Hitza” irratsaioan, programa berezia egin zela euskal herritarrentzat garrantzitsua den data hau aldarrikatzeko.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia