euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Indarberrituta, Kubako euskal komunitateak Aberri Eguna ospatu zuen asteburuan Habanan

2014/04/22

Ray Fernandez kantari kubatarrak kontzertua eskaini zuen Habanako Aberri Eguneko festan (argazkia Goitia)
Ray Fernandez kantari kubatarrak kontzertua eskaini zuen Habanako Aberri Eguneko festan (argazkia Goitia)

PUBLIZITATEA

Asteburuan zehar luzatu zen jai egitarau oparo batekin ospatu zuen Kubako euskal komunitateak Aberri Eguna. Asociación Vasco Navarra de Beneficencia eta AthletiKuba elkarteak buru, ia 300 lagun bildu ziren ekitaldi desberdinetara. Antolatzaileen aburuz, erantzun on hori "Kubako euskal komunitatearen indarberritzearen seinalea da; aurrean erronka eta arazo larriak izanagatik, bere indarra eta kemena erakusten ari da euskaldunen taldea". Igandeko Aberri Eguneko bazkari eta jaiaren berria Kubako telebistako albistegiraino heldu zen.

Habana, Kuba. Azken urteetan gertatu izan den bezala, aurten ere Kubako euskal komunitateak bat egin du Aberri Eguna ospatzeko. Larunbatean, apirilaren 19an, hasi ziren ospakizunak, AthletiKuba taldeak antolatu zuen Mus Txapelketarekin. Hamar bikote bildu ziren seigarren edizio honetan eta partiden ostean 70 bat lagunentzeko afaria egin zen. Jaia gaualdera arte luzatu zen.

Hurrengo egunean goizean goiztik hasi ziren antolatzaileak lanean, dena prestatzeko asmoz. Sukaldaritza taldearen buru Félix Sarasola izan zen eta Ines Garrido artista kubatarra aldiz, dekorazioaren kargu hartu zuen taldearen gidari izan zen.

Berrehun lagundik gora

Elkarte antolatzailea Asociación Vasco-Navarra (AVNB) euskal etxea izan zen. Erakundeak ez du egoitza finkorik eta horregatik Círculo Social del Náutico elkartearen aretoetan egin zen festa. Bertara bildu ziren 200 lagundik gora, heldu eta txiki artean, eguerdi aldera. Eguna ederra eta alaia izan zen eta arratsaldeko zazpiak arte luzatu zen festa.

Eguerdian hasi zen ekitaldiaren arlo kulturala, AVNBko presidente Renato García Eguskizaren ongi etorri hitzaldiarekin. García Eguskizak egun honek euskaldunentzako duen garrantzia azaldu zuen. Ondoren musika emanaldien tartea hasi zen: Jade kantari kubatar bikoa, Emiliano Sardiñas inprobisatzaile kubatarra, bere seme Emanuelekin bertsotan; eta Gari-Iñaki trikitilariak.

Kuba Aberri Eguna 2014 Renato Garcia Eguskiza

[Renato García Eguskiza, AVNB-ko presidentea, ongi etorria hitzaldia ematen (argazkia Goitia)]

Kubatar erritmoak eta trikitia

Arratsaldeko ordu bietan hasi zen bazkaria; menuan, entsalada, marmitakoa, pastela eta kafea. Bazkalostean erromeriari ekin zioten euskal-kubatarrek, Ray Fernández kantariaren kontzertuarekin. Bat egin zuten berarekin Gari-Iñaki trikitilariek, eta bi herrialdeetako musikak eta hizkuntzak bilduta kontzertu alaia eman zuten.

Antolatzaileek azpimarratu dute Pancho Amat artistaren parte hartzea. “Tresero”-a da Amat eta musika tresna hori jotzen Kubako onena omen da (Musikako Sari Nazionala du). Bertan izan zen ere Daniel Chavarria idazlea, Kubako zein Uruguayko Literatura Sari Nazionala. Azpimarragarria ere antolatzaileek Emiliano Sardiñas kubatar inprobisadoreari egin zioten omenaldia, 25 urteko jardun artistikoarengatik. 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia