euskal diaspora eta kultura
2010/12/27
PUBLIZITATEA
Montreal, Quebec. Quebeceko Euskaldunak elkarteak ekimenez beteriko 2010 urteari agur esan zion abenduko Eguberri Afarian. Adelaide Daraspe lehendakariak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, afari horretan Adixkideak izeneko elkartearen aldizkariaren aleak banatu zituzten kideen artean. Aldizkariaren abenduko aleak urtean zehar eginiko ekimenen berri ematen du.
Ekimen horien artean azpimarragarriak dira Euskaldunak-ek eskaini dituen konferentzia gauak. Hitzaldi hauekin bete nahi duten "lehen helburua Quebec eskualdean bizi diren euskaldunen arteko komunikazioa garatzea da", azaltzen du Daraspek. "Konferentzia gau horietan oso gai desberdinak aurkeztea da bigarren helburua, kide ainitzek bere jakina besteeri jakinarazi eta esplikatzeko. Hilabete guzietako bigarren ostiralean iraganen dira".
[Adelaide Daraspe, elkarteko lehendakaria, izan zen hizlarietako bat (argazkia QuebecEE)]
[Entzuleak Euskaldunakeko egoitzan egin ziren hitzaldietako batean (argazkia QuebecEE)]
Hitzaldi hauetan jorratu dituzten gaiak Euskal Herrian eta diasporan janaria eta sukaldaritza, euskal mitologia, euskal musikaren historia eta Kanadako iparraldean egiten zen bale arrantza eta amerindiarrekin euskaldunek zituzten harremanak izan dira. Abenduan, azken konferentziak arrantza eta ehiza Euskal Herrian eta Quebec-en izan zituen hizpide.
[Euskaldunak-ek urtean zehar egin diren hitzaldietako bat (argazkia QuebecEE)]
Horrez gain elkarteak dantza eta euskara ikastaroak eta hainbat bazkari eta afari egin ditu urtean zehar. Lore Lekuona eta Nora Garmendia izan dira aurten euskara irakasleak. Jarduera tradizional hauen ondoan, ekimen berriak ere jarri dituzte abian: irailetik aitzin Anne Arregui-k txalaparta tailer bat eman du (datorren urtean jarraituko duena) eta New Yorkera bidaia egin dute elkarteko hainbat kidek.
Bestalde, Adixkideak aldizkarian elkarteak atera berri duen elastikoaren bidaien berri ematen dute. Laetitia Munduteguyk diseinatu duen kamiseta badute jada Bordeleko Maison des Basques-en eta Pariseko Eskual Etxean, eta Euskal Herriko mendietan eta Zeelanda Berriko Fox Glaziarrean ere ikusi omen dute! (argazki gehiago bidaltzeko edo kamiseta bat erosteko, idatzi euskaldunakquebec@yahoo.com helbidera).
[Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko kamisetarekin Zeelanda Berriko Fox Glaziarrean (argazkia QuebecEE)]
Elkartea datorren urtean egingo den 15. urteurreneko jaia prestatzen ari da orain buru-belarri.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus