euskal diaspora eta kultura
2011/05/27
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Iñaki Urlezaga dantzaria pozik agertu da "La Traviata" operan oinarrituta egin duen balletak asteazkenean Bilbon izan zuen harrera onarekin. "Jendea harritu egiten da askotan, balleta delako, ez opera; baina txalo zaparrada luzea izan dugu", azaldu dio gure buletinari. Donostiarren biloba da Urlezaga, eta nahiz eta euskal sustraiekin harreman askorik ez izan, behin baino gehiagotan izan da Euskal Herrian emanaldiak egiten, Bilboko Arriaga Antzokian, adibidez.
Urlezaga Argentinako dantzari entzutetsuenetakoa da eta bere ibilbide artistikoan arrakasta handia izan du. Londresko Royal Balleteko dantzari nagusia izan zen eta egun Holandako Dutch National Balleteko dantzari gonbidatua da. Holandan, hain zuzen, ikusi zuen Urlezagak ballet hau sortzera eraman zuen "La Traviata"ren emanaldia. Verdiren musikak eta Violeta eta Alfredo protagonisten maitasun istorioak dantza mugimendu eta koreografiak sortzeko gogoa piztu omen zion.
Urte batzuk igaroko ziren koreografia sortzeko erabakia hartu zuen arte: "Konplikatua izan da, baina hori ohikoa da bikaintasuna lortu nahi denean", azaldu dio EuskalKultura.com-i. "La Traviatak aipatzen dituen sentimenduak ondo ulertzen ditut eta horrek eraman ninduen koreografia sortzera".
Urlezagak zenbait koreografia sortu ditu bere ibilbide oparoan zehar: “Sylvia”, Delibes-en musikarekin; “Floralis”, Prokofiev-en musikarekin; “Danzaria”, Vivaldi-ren musikarekin; “Constanza”, Chopin-en musikarekin; eta “Kraskagailua”, Tchaikovsky-ren musikarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus