Macachin, Argentina. Iñaki Unamunoren omenezko busto bat desestali du joan den asteburuan Macachingo Udalak, Independentzia plazan dagoen 'Iñaki Unamuno' pasealekuan. Goiz hotz baina eguzkitsu batean, herritar asko bertaratu ziren Aurresku batekin hasi zen zeremoniara. Jorge Cabak alkateak omenduaren figura goraipatuz esan zuenez, “Iñakik gure herri ederraren kultura eraikitzen lagundu du. Berari esker, Macachin mundu osoan da ezaguna; euskaldun honek muga guztiak gainditu ditu eta gure herriaren ikur bihurtu da. Nahiz eta Bergaran jaio, Iñaki ez da kanpotarra; Iñaki Macachin da” (alkatearen mintzaldi osoa, La Arena Egunkarian).
Macachingo eta Argentina osoko euskal komunitatearen erreferente den Iñaki Unamunoren omenezko ekitaldian FEVAko lehendakari Arantxa Anituak eta Euskadiren ordezkari Sara Pagolak ere hartu zuten parte. Bere hitzetan, Euskadiren ordezkariak azpimarratu zuen Unamunok "euskal jatorrizko jendearen ezaugarri onenak irudikatzen dituela: leialtasuna, zintzotasuna, lanarekiko engaiamendua eta apaltasuna”.
Bustoa desestaltzeko momentuan, agintariek ez ezik, euskal etxeko lagunek eta ohoratuaren senideek ere lagundu zuten Euskal Etxeko lehendakaria. Monumentua Iñaki Unamuno pasealekuan dago, Independentzia Plazan, Euskal Etxearen aurrean. Zeremoniako argazki gehiago, hemen.