euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Rodaballo sukaldariak irabazi du Euskal Herriko III. Pintxo Lehiaketa, 'Porky, Porky' izeneko mokaduarekin

2008/10/08

Miguel Soto, Hondarribiko Ostalari Elkarteko lehendakaria; Iñaki Rodaballo sukaldaria eta Aitor Kerejeta, Hondarribiko alkatea
Miguel Soto, Hondarribiko Ostalari Elkarteko lehendakaria; Iñaki Rodaballo sukaldaria eta Aitor Kerejeta, Hondarribiko alkatea

PUBLIZITATEA

Iñaki Rodaballo, Iruñeko Café Niza tabernako sukaldaria, izan da Euskal Herriko III. Pintxo Lehiaketaren irabazlea. Gaur arratsaldean jakinarazi dituzte irabazleen izenak Hondarribiako Hotel Río Bidasoan egin diren finalen ostean. Pintxo irabazleak izen orijinala du, "Porky, Porky”; eta berarekin Rodaballok 3.000 eurotako saria eskuratu du. Kalitatea fundazioaren saria "Txipiroi eta Gernikako piparren tenpura Getariako Eusko Label tomate zopa hotza eta lima lurrinarekin” pintxoak jaso du. Iruñeko Chelsy jatetexeko Raúl Fernández eta Antonio Cristóbal dira egileak. Azkenik, txapeldunordeak Javier Iturralde eta Matías Gicoli izan dira, Baztango Baserria jatetxekoak, “Ahate Kabia” pintxoarekin.

Hondarribia, Gipuzkoa. Nafarroako sukaldariek euren abilezia erakutsi dute Euskal Herriko III. Pintxo Lehiaketan, izan ere sari nagusiak herrialde honetako jatetxe eta tabernetara joan dira.  Iñaki Rodaballok, Iruñeko Café Niza tabernako sukaldariak, irabazi du txapelketa, “Porky, Porky” izeneko lanarekin. Raúl Fernándezek eta Antonio Cristobalek, Iruñeko Chelsy tabernako ordezkariek, Eusko Label saria eskuratu dute "Txipiroi eta Gernikako piperren tenpura Getariako Eusko Label tomate zopa hotza eta lima lurrinarekin” izena duen pintxoarekin. Sari hau Kalitatea fundazioak eman du, errezetan Eusko Labeldun osagai nagusia, edo behintzat beste bi osagai, dituen errezeta onenarentzat.

Txapeldunordeak ere nafarrak izan dira, zehazki, Taxoareko Baztango Baserria jatetxeko Javier Iturralde eta Matías Gicoli, “Ahate Kabia” pintxoarekin. 2.000 eurotako saria eskuratu dute. Hirugarren postuan Darran Willliamson sukaldaria, Bilboko Bitoque tabernakoa, gelditu da, “Gorringoak patata, hirugihar eta gazta airea" pintxoarekin. Azkenik, epaimahaiaren Aipamen Berezia izan zuen Iruneko Gaztelumendi-Antxon tabernako Félix Manso eta Angela Basabek eginiko “Ajoarriero faltsua aire berriekin”.

Jankideak hunkitu

Fernando Canales, epaimahaiko lehendakaria, izan da irabazleen izenak ezagutzera eman dituena. Bere hitzaldian Canaleseko edizio honetan aurkeztu dituzten pintxoen kalitatea eta sukaldarien maila goraipatu du. “Gaur egun sukaldaritzako profesionalek bilatzen dutena jankideak hunkitzea da eta nire ustez gaur denok lortu duzue hori', esan du.

Epaimahaia honakoek osatu dute: Fernando Canales (Bilboko Etxanobe jatetxea), Iñaki Isasi (Kalitatea fundazioa), Mikel Corcuera (gastronomia aditua), Juan José Lapitz (gastronomoa), Federico Pacha (Slow Food Gipuzkoa),  Alfredo Sarasa (Iruñeko Gasterea),  Ricardo Pérez (Bilboko Yandiola jatetxea), José Antonio Merino (D.O. Txakolí de Araba-ko gerentea), Gonzalo Mutilva (Nafarroako Ostalaritza Eskolako irakaslea), Txomin Gómez (Bilboko NH Villa de Bilbao hoteleko jatetxea), Alberto López de Ipiña (Slow Food Araba) eta Yago Moreno (Ortuellako Meaztegi jatetxea).

Errezeta guztiak liburu batean     

Pintxo guzti hauek prestatzeko gogoarekin gelditu direnek errezetak eta informazio osoa aurkituko ditute Kaneta Argitaletxeak eta Hondarribiako Ostalari Elkarteak argitaratuko duen liburuan. Bertan pintxoen irudiak eta errezetak, sortzaileen argazkiak eta --pintxoak egiteko erronka hartzera ausartzen ez direnentzat-- mokadu hauek dastagai dauden tabernen zerrenda jasoko dira.

Liburuan aurreko bi edizioetako irabazleen errezetak ere agertuko dira eta aurtengo edizioari buruzko erreportai osatu bat ekarriko du. Liburua abenduan aurkeztuko dute Durangoko Disko eta Liburu Azokan eta Euskal Herriko liburudendetan eta lehiaketan parte hartu duten taberna eta jatetxetan izango da salgai. Informazio gehiago, www.hondarribiaturismo.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia