euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Reta: “AEBetara etorri nintzen aurrenekoan izugarri erakarri ninduen diasporak eta geroztik ahal dudan guztietan etorri ohi naiz”

2015/08/03

Boiseko Euskal Etxearen aurrean, Iñaki, Cristina eta Joanna, aurtengo Jaialdiko giroa alaitzen zuten bitartean (Irudiak: I.R, Jaialdi 2015 eta Wikimedia)
Boiseko Euskal Etxearen aurrean, Iñaki, Cristina eta Joanna, aurtengo Jaialdiko giroa alaitzen zuten bitartean (Irudiak: I.R, Jaialdi 2015 eta Wikimedia)

PUBLIZITATEA

Boiseko Jaialdi 2015ean egon direnak, ziurrenik ikusi izan dute, hiriko kaleetan barrena, jotak abestu eta jotzen zituen hirukote bat. Berezia hirukotea baina, gaztelaniaz eta euskaraz gain, ingelesez ere kantatzen zituztelako Nafarroako abestiak. Taldeko trikitilaria da Iñaki Reta (Gasteiz, 1984) eta pozarren dago mendebaldera berriz ere itzuli izanaz: “Euskal amerikarren komunitatearen parte izateak gauza berezia izaten jarraitzen du”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Ander Egiluz Beramendi, AEB. Gasteiztarrarekin batera, Joanna Garrido gitarra jotzailea eta Cristina Sádaba abeslaria izan dira, nafarrak biak. Zabaldi abesbatzako kidea da lehena eta La Ribera Canta jota taldekoa bigarrena. “Laugarrenez etorri naiz Ameriketara eta beraiekin etortzea pentsatu nuen, horrela, musikaz hobeto gozatuko zuelako jendeak”, esan du Retak.

Zer moduz doa AEBetako bira?

-Oso ongi. Lagunekin batu ahal izateaz pozik nago eta, gainera, euskal amerikarren komunitateko parte izateak gauza berezia izaten jarraitzen du.

Boise aurretik Kaliforniako Chino-n jo zenuten.

-Chinoko Centro Basco eta Pizzaioli jatetxeetan jo genuen eta, Boisen, Leku Ona jatetxean eta Basque Center-en. Horrez gain, kaleetatik ibili gara egunero, jai giroa ereiten.

Hirukoa Jaialdirako propio sortu zenuten, ezta?

-Hala da. Neroni laugarrenez etorri naiz Ameriketara, eta oraingoan eurekn etortzea pentsatu nuen, horrela musikaz hobeto gozatuko baitzuen jendeak.

Ba al duzu amerikanorik familian?

Taldeko inork ez dugu amerikanorik familian. Neure senideak Frantziara egin zuten ihes Franco garaian, horregatik ongi ulertzen ditut hona etorri zirenek bizi izandako zailtasunak. Gauza ederra iruditzen zait tradizioak nola mantendu dituzten ikustea. 2008an etorri nintzen AEBetara lehen aldiz, Mike Bidart-ekin dudan erlazioagatik, eta izugarri erakarri ninduen Diasporak; ordudanik, ahal dudan guztietan etorri ohi naiz.

Diasporatik zerk erakartzen zaitu gehien?

-Ezagutzea merezi duen ondarea utzi digute. Euskadin, orokorrean, Diasporarekin harremanik ez duen jendeak ezin du imajinatu ere egin nolakoa den. Ezagutzera ematea oso garrantzitsua dela uste dut, geure kultura zikindu baino egiten ez duten etiketa politiko asko kentzen lagunduko bailuke horrek. Eta eskoletan irakatsi beharrekoa dela uste dut. Haurrek ezagutu behar dute geure aitona-amonek munduarentzat egin duten lan handia, Euskal Herriko esentzia bere horretan mantenduta, gainera.

Musika arlora jausiaz, zer daukate jotek zu horrenbeste erakartzeko?

-Jotalaria zen aitona eta jotalaria dut aita ere. Jotak entzuten hazi nintzen eta betidanik gustatu izan zaizkit. Ohiturei oso lotutako Nafarroako folklorearen parte bat da, Erriberan bereziki nabaria dena, eta hangoa dut familia guztia. Horregatik uste dut beharrezkoa dela abesteko modu hau mantentzea eta, belaunaldiz belaunaldi pasatzea, neure familian egin den bezala.

Garrantzitsua da tradizioak mantentzea baina horiek iraultzea ere bada inportantea; ingelesez abesten dituzu zuk jotak. Ez daude, halabeharrez, hizkuntza konkretu batetara lotuak beraz?

-Gehienetan gaztelaniari izan da lotua jota, baina euskaraz kantatu dituzten talde batzuk ere badaude. Azken boladako kontua da ingelesez abestea eta gauza ona dela uste dut, ateak irekitzen dizkiolako kantatzeko era honi. Badaude berrikuntza mota hauek beti kritikatzen dituzten garbizaleak baina, beste musika estiloekin gertatzen den legez, eboluzio kontua da. Jotaren muina eta tradizioa mantentzen den neurrian, gauza onuragarria da geure lurraldeaz haratago zabaltzea geure kultura.

AEBetako diasporan trikitilariak, dantzariak, klikalariak eta abar luzea daude. Horrez gain, ehunka ume biltzen dituen Udalekuak antolatzen ditu NABOk, urteanbehin. Euskal Herriko irakasleak etorri ohi dira gaztetxoei pilotan, musean, txistua jotzen eta euskal kultura, bertatik bertara, erakustera. Jota irakasle gisa etortzea gustatuko litzaizuke inoiz?

Izugarri gustatuko litzaidake hori, bai maila pertsonalean zein profesionalean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia