euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Plaza eta Ion Garmendia txalapartariek AEBtako euskal etxeetan bira hasiko dute datorren astelehenean

2007/11/28

Iñaki Plaza eta Ion Garmendia txalapartariak
Iñaki Plaza eta Ion Garmendia txalapartariak

PUBLIZITATEA

Iñaki Plaza eta Ion Garmendia O+Hatz (HogeiHatz) taldea osatzen dute. Ekimen berezi honetan txalaparta, txistua, panderoa eta alboka bezalako euskal instrumentuen kontzertuak eta ikastaro praktikoak eskaintzen dituzte. Euren asmoa ikusleei instrumentu hauek erakutsi, esku artean hartzen utzi eta kasu batzuetan --panderoa, txistua-- jo ere egin ditzaten da. Datorren astelehenean taldea AEBetara abiatuko da, bertako euskal etxeetan bira bat egiteko, NABOren eskutik. Reno, San Francisco, Boise, Chino eta Washington DC-n eskainiko dituzte emanaldi eta ikastaroak.
Euskal Diasporaren ezagun zaharrak dira O+Hatz taldea osatzen duten Iñaki Plaza urduñarra eta Ion Garmendia ibartarra. Oraingoa izango da ordea munduko euskaldunen aurrean talde propioarekin bira egingo duten lehen aldia. Agian batzuk gogoan izango dituzte bi gazteok, Kepa Junkera musikariarekin Cordobako Euskal Astean, edo iaz, Necocheako Euskal Astean, eman zituzten kontzertuengatik.

Orain euskal musikariek O+Hatz (HogeiHatz) taldea sortu dute. Euskal musika tresnen inguruan sortutako proiektu zabala da O+Hatz: kontzertuak emateaz gain musikarien asmoa txalaparta, trikitixa, alboka, txirula eta panderoa bezalako musika tresnak entzuleei erakutsi, eskuetan hartzen utzi, eta, zergatik ez? jotzen ere saiatzen uztea da.

Hala, musikariek kontzertuez gain ikasleentzat sormen tailerrak ere eskainiko dituzte AEBetan. 'Bira hau aurreko kontzertuetan izan genuen harrera onarengatik sortu zen. Aurreko biretan lagunak egin ditugu Diasporan eta honelako proiektu bat egiteko prest egongo ginela azaldu genien. Urtebete itxaron behar izan dugu, kontzertu eta lan asko izan dugulako, baina azkenean atera da bira, Gloria Totoricagüena eta Washington DCko Nagore Goitiandia bezalako lagunen laguntzarekin’, azaldu dio EuskalKultura.com-i Iñaki Plaza urduñarrak.

Hamaika kontzertu eta ikastaro

Taldea abenduaren 3an iritsiko da Renora eta bertan egingo dute txalaparta. Abenduaren 4an eta 5ean bi lantegi-kontzertu eskainiko dituzte. Jarraian San Frantzisko aldera joango dira eta abenduaren 7an kontzertua emango dute The Yard Irish Pub tabernan. Abenduaren 8an bi aurkezpen egingo dituzte, goizez eta arratsaldez Basque Cultural Center-en.

Hurrengo egunean taldearen egitarauak Boisera eramango ditu, eta bertan kontzertua eskainko dute hiriburuko Euskal Etxean. Abenduaren 10ean ekitaldi berria eskainiko dute Euskal Museoan eta abenduaren 11an Homedaleko Euskal Etxean jo dezakete, baina data hau konfirmatzeke dago oraindik. Biraren hurrengo data abenduaren 12a izango da, taldea Kaliforniako Chino hirira joango baita. Han Euskal Etxean ikastaroa eskainiko dute abenduaren 12an. Bukatzeko, taldea Washington DC-ra joango da eta kontzertu-ikastaroa eskainiko dute, bertako Euskal Etxearen eskutik, abenduaren 16ean.


Lotura interesgarriak

O+Hatz taldearen bloga
www.inakiplazaiongarmendia.blogspot.com

AEBtako birari buruzko informazio gehiago
NABOren Astero buletinean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia