euskal diaspora eta kultura
2013/03/25
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Ekainera arte izango da Iñaki Mata Buenos Airesen eta prest dago datozen hilabete hauetan Argentina eta inguruko euskal etxeak bisitatzeko. Proposamenak bi dira, alde batetik, 'Oztopoak' antzeztea; bestea, Txotxongilo Ikastaroak ematea.
'Oztopoak'-i dagokionez, “gurpil-aulki bat abiapuntu hartzen duen kale-ikuzkizun bat da. Objektuek, txotxongiloak eta clownak bat egiten dute lan honetan, gure errealitatea geureganatu eta hurbiltzeko” argitzen du artista euskaldunak. “Aulkia metafora bat baino ez da, aitzakia bat, begiratu eta nork bere burua aurkitzeko balio diguna. Keinua, soinua edo hitz soila erabilita, normalean, debekatuta, ezkutatuta edo urrun dagoena hurbilagotu eta gogoetarako gai bihurtzen zaigu”.
Sortzaile antzuolarra herrialde anitzetara iritsia da dagoeneko bere ezohiko proposamen honekin; Europako zein Amerikako kale askotan ibili da txotxongilo batek daraman gurpil-aulkiarekin jendea harrituz eta pentsatzen utziz. Eta Argentinan ere badauka ibilbide bat egina Matak. Izan ere, 2008an Cordoba hirian, pertsonek kalean mugitzeko dauzkaten oztopoak salatzeko xedea zuen ekitaldi batean.
[Pasarte hauetan "Oztopoak" kale-ikuskizunak sortzen duen ustekabea ikus daiteke (bideoaIM)]
Iñaki Matak Argentinako euskal etxeei egiten dien bigarren eskaintza Txotxongilo Tailerrarena da. Kasu honetan proposamen irekia da, txotxongiloak adierazpen-eragile moduan erabili nahi dituzten pertsona eta entitate guztiei zuzendua. “Txotxogilo bat egiteak sormena lantzea dakar, txotxongiloa maneiatzeak irudimena garatzea dakar. Baina gauza guztien artean garrantzitsuena da gune jakin batzuk sortzen direla eta gune horietan txotxongiloa maneiatzen duen pertsona eragile sentitzen dela” azaltzen du artistak.
Ikuskizuna antolatzeko baldintzak
Hona ikuskizuna edota tailerra euskal etxean antolatzeko bete behar diren baldintzak:
-Bideko eta ostatu gastuei aurre egitea
-Lana hobeto burutzeko, kalean edo ibiltzeko oztopoak dauzkan oinezkoen
alderdi batean izan beharko litzateke. Eraikin baten barruan ere egin daiteke,
hala nola, antzoki, merkataritzagune edo unibertsitate batean
-Publizitatea bermatu behar da. Hala ere, eta jendea ezustean harrapatzea
garrantzitsua denez, komeni da publizitatean emanaldia egingo den leku zehatza
ez aipatzea, ingurua baizik
-Soinu sistemarik ez da behar eta argiztapenari dagokionez, argi naturalarekin
nahikoa da
-Panpina eta aulkia muntatzeko aldagela lekutik gertu egon behar
-Ikuskizunean zehar artistak hartu behar duen gorputz jarreragatik,
masaje-emaile edo fisioterapeuta baten laguntza eskatzen da
-Tailerraren kasuan, materialak euskal etxeak
berak lortu beharko ditu. Iñaki Matak tresna zerrenda
helaraziko die interesatuei
-Emankizunaren prezioa Matarekin adostu behar da zuzenean
“Lanaren mezua zein den galdetu didate behin baino gehiagotan. Lanaren mezua ikuskizunean bertan sortzen dena da, jendearen erantzuna da”, laburbiltzen du “Oztopoak”-en sortzaileak.
-Iñaki Matarekin kontaktuan jartzeko, idatzi inakimata@yahoo.es helbidera
-Bere bloga: http://inakimata.blogspot.com.ar/p/inaki-mata.html
.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus