euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Hernaiz argentinarrak Latinoamerikako hezkuntza aztertu du hitzaldi batean Deustuko UNESCO Katedran

2025/03/26

Iñaki Hernaiz Deustuko Unibertsitatean
Iñaki Hernaiz Deustuko Unibertsitatean

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Deustuko Unibertsitateak gonbidaturik, sei hilabeteko lankidetza ari da egiten Iñaki Hernaiz euskal-argentinarra Unibertsitateko Giza Baliabideen UNESCO Katedran. Lankidetzaren baitan, ‘Hezkuntzaren egoera Latinoamerikan’ izeneko hitzaldia eskaini zien Txile, Kolonbia, Mexiko, Kuba, Nikaragua eta Ekuador herrialdeetatik etorritako bekadunei. Aipatu behar da, hala ere, publikoan Unibertsitateko bertako beste aditu batzuek eta Brasilgo eta Uruguaiko lankideek ere osatu zutela publikoa, bai aurrez aurre, bai zoom bidez.

Hitzaldiari dagokionez, helburu zehatza zuen: herrialdeen eraldaketa sozialaren eta hezkuntza-sistemen arteko lotura begi bistan uztea. Horretarako, hiru zatitan antolatu zuen. Hernaizek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Hasteko sintesi historikoa egin nuen. 80ko hamarkadan hezkuntzaren inguruan Latinoamerikan gertatutakoa laburtu nuen, hezkuntza ekitatibo eta inklusiboaren alde egiten zuen Germán Rama eta Juan Carlos Tedescoren CEPALen dokumentuari erreferentzia eginez. Ondoren, 90eko hamarkadan gertatutakoa komentatu nuen. Hamarkada horretan ikuspuntua aldatu zen lehentasunak hezkuntzaren kalitatea baitzuen”, azaldu du katedradunak.

“Bigarren zatian, Latinoamerikan dauden desparekotasuna hartu nuen ardatz, azken 20 urteetan eta gaur egun kalte handiena pairatu zuten taldeak zehatzu. Bukatzeko, datu kuantitatiboak partekatu nituen publikoarekin. Hau da, herrialde bakoitzeko hezkuntzako portzentajeak BPGn eta gastu publikoan, eta gizarte baten desberdintasun ekonomikoa neurtzeko erabiltzen den Gini koefizientea”.

Hitzaldia bukatuta ordubete bat pasa zuen argentinarrak galderak erantzuten. “Oso esperientzia polita izan zen, oso kontent nago Ikerketako eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordea den Javier Arellanorekin eta bere taldearekin egiten ari naizen lanarekin”, adierazi digu Hernaizek. “Goraipatu nahi dut, gainera, 30 urte daramatzala katedrak kultur aniztasunaren alde apustua egiten”.

Iñaki Hernaiz

Iñaki Hernaizek ibilbide zabala du politika publikoen esparruan, bereziki hezkuntza, kultura eta giza eskubideen arloetan. Besteak beste, IEE-Mercosurreko Bulegoaren zuzendaria izan da Uruguain; IEEko Giza Eskubideen Iberoamerikako Hezkuntza Institutuko koordinatzailea; Daniel Filmus ministroaren kabinete burua nazio eta CABA mailan, Educ.Ar-eko zuzendari nagusia eta ‘Canal Encuentro’ delako katearen zuzendaria.

Baina bere ibilbide profesionalaz gain, Euskal Herriaren zale amorratu bat da bere nortasun agirian ‘Ignacio’ izena duen Iñaki. Oso harro dago zortzi euskal abizenak izateagatik eta badaki amaren aldeko aitona Ondarroakoa zuela eta amona, Lutxana-Erandiokoa. “Aitaren aldekoak, berriz, Espainiako La Riojan bizi izan baziren ere, Nafar sustraiak zituzten, baina ez dakigu zehatz mehatz nongoak…”. Deustuko Unibertsitatean egiten ari den lankidetzari esker, Bilbon ibiliko da sei hilabete hauetan, bertako bere familiaren ondoan, eta bere beste zaletasun handitik gertu: Athletic Clubetik.

Iñaki Hernaiz Xn, Ignacio Hernaiz 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia