Bilbo, Bizkaia. Bihar, uztailaren 4an, bere azkenetako bi liburu aurkeztuko ditu Iñaki Echeverria ilustratzaile eta umorista grafiko argentinarrak Bilboko Joker liburudendan. ESMA, Echeverriak Juan Carra idazlearekin batera sortutako nobela grafikoa da eta azkeneko diktadura argentinarreko (1976-1983) estatu-terrorismoko ikur bihurtu zen ESMA atxilotze zentro klandestinoa dauka ardatz, bertan gertatu ziren hilketak epaitzeko egindako epaiketak hain zuzen. Lo que la noche sabe liburuan, berriz, Carlos Salem idazlearen sei ipuin irudiztatzen ditu Echeverriak. Kontaketak gau giroan gertatzen dira, fikziozko eta egiazko pertsonaiak tarteko, azken hauen artean Carlos Gardel, Adolf Hitler eta Videla diktadore argentinarra.
Iñaki Echeverria Buenos Aires probintzia hegoaldeko Balcarce herrikoa da baina Buenos Aires hiriburuan bizi da eta bertan Pagina 12 bezalako izen handiko hedabide grafikoetan egiten du lan. Nobela grafikoen egile ere bada eta ‘Padre Abrumado’ tira ospetsua argitaratzen du. Marrazkigilearen izenetik ondoriozta daitekeenez, euskal jatorriko sendi batean jaio zen. Bere aita gaur egun jarduerarik ez duen Balcarceko Euskal Etxeko sortzaileetako bat izan zen eta Iñaki bera Gaztemundurekin etorria da Euskal Herria, programa honen lehenengo edizioko partaide izan baitzen.
Echeverriak bihar osteguna aurkeztuko ditu ‘ESMA’ eta ‘Lo que la noche sabe’ Bilboko Joker (Euskalduna, 7) komikidendan. Hitzordua arratsaldeko 6:30etan da eta aurkezpenaren ostean liburuak sinatuko ditu.
[Iñaki Echeverriaren eta Juan Carraren 'ESMA']